Irimo enpresa Urretxuko indartsuenetakoa izan zen. Mende hasieran itxi zen eta eraikinak hondakin industrial bilakatu dira. Telleria enpresak orubea erosi du eta eraikinak botatzen ari da, bertan pabiloi berriak egiteko.
Ezer ez da betirako. Urretxu eta Zumarraga industria gune garrantzitsuak izan ziren joan den mendean, baina enpresa horietako gehienak pikutara joan ziren: Orbegozo (Arcelor Mittal), Madaya, Sarralde, Irimo… Zorionez, enpresa batzuk indartsu jarraitzen dute eta zaharren tokia hartu dute: Telleriak Irimo zenaren lursailean egingo ditu bere tailer berriak. Dagoeneko Irimoren eraikinak botatzen hasi da.
Pabiloi berriak eraiki ondoren, Telleria enpresa Zumarragako Argixao industrialdetik bertara joango da. Irimo erreminta enpresa ospetsua 2003an itxi zen eta ordutik inguru hura degradatu egin da. Bertan hipermerkatu bat ireki behar zela aipatu zen, baina merkatariak aurka azaldu ziren eta egitasmoa ez zen aurrera atera.
Orain, Telleriak lursaila erosi du, eraikinak bota behar ditu eta pabiloi berriak eraikiko ditu. Enpresa horrek piezak mekanizatzen ditu eta hidroelektriko eta aeronautika alorretarako piezak egiten ditu. Enpresa pabiloi ezberdinetan sakabanatua dago eta bere instalazioak bateratu nahi ditu. Irimoren lursaila egokia iruditu zaio. Eraikin berriaren obra 2021 amaieran hasi nahi dute eta 2023an Argixaotik Urretxura jaistea espero dute.
Irimoren historia
Irimo enpresari dagokionez, Urretxuko enpresa indartsuenetakoa izan zen. Herriko mendi ezagunenaren izena daramaten erremintak mundu osoan ezagun egin ziren.
Irimo 1927an sortu zuten Iñurritegi eta Larreategik.1930ean Jose Luis Aparicio sartu zen enpresan eta 1939an Jose Luis Aparicio y Cía. S.L. izena hartu zuen. Ondoren, enpresak Aparicio Hermanos S.A. eta Irimo S.A. izenak izan zituen. Urretxuko Aparizio auzoa enpresa honetako langileentzat eraiki zen.
Enpresaren arazoak 1977-78an hasi ziren: ordainketa-etendurak, lanordu-doiketak, kontratu-etendurak… eman ziren eta lan sozietatea izatera pasa zen. Lehen lan sozietatea izan zen. 750 langile ziren eta bideragarritasun planak 500 langile bakarrik gelditu zitezkeela zion. Hala, 250 langilek kalte ordaina jaso zuten eta 500 gelditu egin ziren.
Enpresa langileen eskuetara pasatzeak ez zituen Irimoren arazoak guztiz konpondu, ordea. Sektorearen egoera txarra zen eta beste enpresa batzuekin elkartzea erabaki zuten: Gasteizko Acesa eta Irungo Palmerarekin, hain zuzen ere. Hala, Favahe sortu zen. 1990eko hamarkada hasieran Irimoko langileek beraien akzioak ia hutsaren truke saldu eta Favahe sozietate anonimoa izatera pasa zen. Momentu hartan, forja eta erreminta sailak banandu egin ziren. Forja SFP taldean sartu zen eta erreminta sailekoek Favahen jarraitu zuten. 1995 hasieran Favahek Eurotools izena hartu zuen eta 1995 amaieran Snap-on multinazional estatubatuarrak Eurotools erosi zuen europar merkatuan sartzeko. Snap-on multinazionalak milaka langile eta marka mordoxka ditu mundu osoan zehar.
Urretxukoa Eurotools-en lantoki txikiena zen eta Snap-on-ek itxi egin zuen. Irimo markako erremintak ekoizten jarraitzen du, baina erreminta hauek dagoeneko ez dira Urretxun ekoizten eta aurki lantegiaren aztarnarik ere ez da geldituko.