EH Bilduk Osasun sailburuari irekitzeko eskatu dio eta hainbat herritarrek kexa azaldu dute
Martxoan Osakidetzak Zumarragako anbulatorioko etengabeko arreta gunea itxi zuen “zerbitzuen segurtasuna eta kalitatea” bermatzeko. Ordutik, Urretxu eta Zumarragako bizilagunek telefonoz deitu behar dute eta ondoren beraien medikuarengana, Beasaingo anbulatorioko larrialdi zerbitzura edo Zumarragako ospitaleko larrialdi zerbitzura bideratzen dituzte. Egoera honek haserrea piztu du hainbat bizilagunen artean eta anbulatoriora joan eta kexa-liburua eskatzeko deia egin dute. Gainera, Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak etengabeko arreta gunea irekitzeko eskatu dio Nekane Murga sailburuari eta honekin lotutako hainbat galdera egin dizkio. Osakidetzak etengabeko arreta gunea irailean irekitzea aurreikusten duela gogoratu du, “baina Covid-19aren bilakaerak baldintzatuko du”.