LAB sindikatuaren ustez, Gipuzkoako Aldundiak COVID-19 garaian zahar-etxeen kudeaketa txarra egiten ari da.
Ordiziako zein Goierri osoko azken asteetako kutsatu berrien harira, LABek salatu du zahar-etxeetako langileei zein egoiliarrei eginiko PCR proben emaitza ofizialak ez direla argitaratu. Zumarragako Argixaon adibidez, Instituzio foralak aginduta, hilaren 14an jaso ziren PCR testen lehen laginak. Hiru egun beranduago, era estraofizialean, Argixaoko bi langileek Covid-19an positibo eman dutela jakin da. Hori horrela, gaur gaurkoz, langileek zein zentroko arduradunek PCR proben emaitzen berri izan ez dutela adierazi dute. Protokoloaren arabera, Aldundiak emaitzen berri zentro bakoitzeko prebentzio arduradunari emango die. Baina, LABetik helarazi dute horrelakorik ez dela gertatu.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak eguneko zentroak itxiko direla iragarri ostean, LAB sindikatuak nabarmendu du langileen eskubideak urratuko direla. Langileei opor egunak kenduz konpentsatuko zaizkie itxialdi honetan lan egin ez dituzten egunak. Segurtasun neurriak hartuz, inor ez kaltetzea eskatzen du sindikatuak. Are gutxiago, “pandemia honetan horrenbeste eman duten langile guztiak”.
Aipatutako bi egoerak argitzeko eskatu dio LABek Gipuzkoako Foru Aldundiari.