Urretxuko eta Zumarragako udalek bi herriak loreekin apaintzen dituzten herritarren lana saritu dute. Loreak oparitu dizkiete eta, maskara musuan, ezin izan dituzte behar bezala usaindu.
Aurten, koronabirusa dela eta, dena doa xelebre. Zorioneko COVID-19ak dena baldintzatzen du. Ostiralean Urretxuko eta Zumarragako udalek bi herrietako leiho, balkoi eta baserri sarrerak loreekin apaintzen dituzten bizilagunak saritu zituzten. Beti bezala, landareak oparitu zizkieten. Maskarak jarrita joan behar izan zirenez, ezin izan zituzten jasotako landareak behar bezala usaindu. Hau marka… lore sariketan ezin loreak usaindu…
Kaletik goazenean lorategietako loreak usaintzeko maskara kentzea baimenduta egongo al da? Nork daki… Oraingoz ez gaituzte betaurreko ilunak jartzera behartu eta loreen edertasunaz goza dezakegu behintzat. Urretxun eta Zumarragan lorezaintza ibilbidea egin dezakegu, bi udalek saritu dituzten leiho, balkoi eta baserri sarrerak bisitatuz.
Urretxuko eta Zumarragako zortzina bizilagun saritu dituzte: kalean bizi diren hamar (bost eta bost) eta baserrietan bizi diren sei (hiru eta hiru).
Zumarragar sarituak Kontxi Mateo (Busca Sagastizabal, 2-9.-eskuina), Jose Ramon Etxezarreta eta Izaskun Izagirre (Artiz, 32), Leonor Oses (San Isidro, 4-2.-eskuina), Maria Jesus Zabalo (Antzina Hiribidea, 23-4.-eskuina), Arantxa Segurola (Secundino Esnaola, 3-2.-C), Maria Jesus Laka (Saltsamendi), Edurne Astigarraga (Martiamuno) eta Lourdes Etxaniz eta Fermin Goenaga (Landaburu) dira.
Urretxuar sarituak Iñaki Etxaniz (Basagasti, 6-3.-C), Mila Etxaniz (Labeaga, 39-6.-D), Ana Maria Abad (Labeaga, 29-6.-E), Rosa Mari Lizarralde (Ipeñarrieta, 24-3.-B), Arantxa Askasibar (Jauregi, 18-3.-ezkerra), Mila Aranburu eta Jesus Plazaola (Beain), Maria Isabel Lizarazu (Beain) eta Nekane Egia (Larrea) dira.
Loreak behar bezala usaintzeko etxera heltzera itxaron behar izan bazuten ere, denak gustura ageri ziren. Lourdes Etxaniz eta Fermin Goenaga ia urtero saritzen dituzte, baina beti da pozgarria norberaren lana saritua izatea. «Betidanik gustatzen zaizkit loreak. Amonarengandik eta amarengandik ikasi nuen eta etxe inguruan loreak ikusteak bizia ematen dit», aipatu zuen Etxanizek.
Izan ere, Etxanizek eta Goenagak baserria lorez inguratuta dute. Tandem bikaina osatzen dute. «Etxe aurrean, alboan, baserrira bidean eta baratze izkinan ditugu loreak. Baserrietako ohitura da baratzeetan loreak jartzea. Egun, loreak eta sendabelarrak ditugu: geranioak, begoniak, gladioloak, izpilikua, berbena limoiusaina, garraiska…».
Beraien lana ia urtero saritzen dute. «Poza ematen du udalek gure lana baloratzea. Kalera jaisten garenean leihoetako eta balkoietako loreak begiratzen ditugu eta azken urteotan zaletasunak gora egin duela uste dut. Inguruak geroz eta hobeto apainduta daude».