Maialen Akizuk Mikel Laboa katedraren eta Mintzolaren beka eskuratu du. Zaintzaren ekonomiaren eta euskal kultur sorkuntzaren arteko parekotasunak aztertuko ditu.
Ze ikasketa egin zenituen?
Soziologia ikasi nuen eta, ondoren, Euskal Kulturaren Transmisioa graduondokoa egin nuen. Aurten, berriz, politikarekin lotutako master bat egin dut: Subiranotasuna Europako herrietan.
Ikasitakoarekin gustura?
Egia esan, zalantza askorekin hasi nintzen eta batzuetan «mediku sartu izan banintz, igual hobe» pentsatu izan dut, baina karrera oso polita da eta masterra ere gustura egin dut.
Non lan egiten duzu?
ELA sindikatuaren Manu Robles Arangiz fundazioan lan egiten dut. Liberatu berriei formakuntza ematen diegu, artikuluak publikatzen ditugu eta gogoeta lantzen dugu. Urtebete daramat fundazioan. Lehenago, Euskaltzaleen Topagunean lan egin nuen eta bertso eskolak eman nituen.
Nolatan erabaki zenuen EHUko Mikel Laboa katedraren eta Mintzola ahozko lantegiaren beka deialdian parte hartzea?
Bertsolaritzan urte dezente daramatzat eta gradu amaierako lana ere bertsolaritzari buruz egin nuen. Beka hauen berri izan nuenean, proiektua aurkeztea erabaki nuen. Izan ere, bekarik gabe ikertzea oso zaila da.
Proiektuak gai zehatz bati buruzkoak izan behar al ziren?
Mintzola ahozko lantegia denez, ahozko sorkuntzaren ingurukoak izan behar ziren. Iaz, adibidez, ipuin kontaketen inguruko lan bat egin zuten. Dena den, gehienak bertsolaritzaren ingurukoak izaten dira.
Zergatik erabaki duzu zaintzaren ekonomia eta bertsolaritza alderatzea?
Zaintza denon ahotan dago azkenaldian. Gainera, kulturari jarri zaion kontzeptua da: kultura zaindu behar dela aipatu da behin eta berriro. Zaintzak eta kulturak gauza asko dituzte komunean. Oso zaila da, adibidez, batetik zein bestetik bizitzea. Biek zailtasunak dituzte merkatuaren logikan sartzeko eta, gainera, ez dakigu sartu nahi dugun. Nire ustez, bateragune asko daude. Konfinamendu garaian greba digitala egin zen kulturaren garrantzia azpimarratzeko. Euskal sormen kulturalak besteak bezalakoa izan nahi du, besteen lan baldintzak nahi ditu, baina bestelakoa izatea bere esentzian dago. Ez naiz ekonomian aditua eta botere harremanak aztertu nahi ditut gehienbat. Ez noa ekonomia plan bat egitera.
Ze pauso eman behar dituzun erabaki al duzu?
Bertsolaritzak ekonomi arloa lantzeko mekanismoa du: Lanku, hain zuzen ere. Kulturgintzak hitzarmenik ez duelako sortu zen. Horren azterketa egingo dut eta bertsolariei elkarrizketak egingo dizkiet. Ekonomiaz hitz egitea itsusia dela iruditzen zaigu, baina bakoitzak bere bizimodua nola ateratzen duen jakin nahi dut. Ezkutatu egiten da eta hala ezintasunak kolektibizatzea zaila da.