Euskal Herritik kanpo jaio diren adin nagusiko bizilagunei zuzendua dago. Egitasmoaren helburua herria osatzen duten kulturen arteko topaketa bultzatzea da
Koronaburisak baimentzen badu, datorren ikasturtean ere Urretxuko Udalak Urretxun Bizi Gara ikastaroa emango die Euskal Herritik kanpo jaio diren adin nagusiko bizilagunei. Egitasmo horren helburua kanpotik etorritakoek Urretxu eta Euskal Herria hobeto ezagutzea eta kulturen arteko topaketa bultzatzea da.
Izena emateko epea zabalik da jada. Hilaren 31n itxiko da harrera eskola horretan matrikula egiteko epea. Egitasmoa Urretxuko eta Goierri garaiko gizartearen, historiaren, aukeren eta baliabideen inguruko ezagutza handiagoa izan nahi dutenei zuzendua dago. Izena emateko Urretxuko Udaleko Gizarte Zerbitzuetara deitu behar da. Telefono zenbakia 943 03 80 83 da.
Urretxun Bizi Gara ekimenaren zazpigarren edizio honetako saioak astearte eta ostiraletan izango dira, 09:30etik 12:00etara, Aizpurunea kultur etxean. Irailaren 11n hasiko dira eta azaroaren 10ean bukatu. 40 eskola -ordu jasoko dituzte, doan. Hitzaldi, txango, bisita eta tailerretan parte hartuko dute. Aurrekoetan bezalaxe, teknikariekin, eragileekin eta herriko erakundeetako ordezkariekin elkartuko dira eta historiari, gizarteari, kulturari, enpleguari, etxebizitzari, hezkuntzari, hizkuntzari, osasunari… buruz hitz egingo dute.
Egonaldia elkarteetan
Gainera, nahi duten parte hartzaile guztiek lau asteko egonaldia egin ahal izango dute herriko kultur elkarteetako batean. Egonaldi honen helburua elkar ezagutza sustatzea eta harrera nahiz egokitzapen prozesua erraztea da.
Urretxun Bizi Gara harrera eskola 2014an jarri zen abian eta ordutik 80 bizilagun baino gehiagok amaitu dute ikastaroa. Aurten, eskolak COVID-19aren prebentzio protokoloetara egokituko du bere talde dinamika, baina aurreko edizioetako edukiak bere osotasunean mantenduko dira.
Urretxun Bizi Gara Aniztasun eta Bizikidetza Udal Planaren barruan kokatzen da, kulturen arteko topaketa bultzatzeko eta, hala, herria aberasteko. Aniztasun eta Bizikidetza Mahaiaren babesa du. Herritarren parte hartzeari irekita dagoen lan batzorde honen helburua gizarte inklusiboa eta bazterkeriarik gabekoa bultzatzea da.