Irailaren 5, 12, 19 eta 26ko kontzertuak Antioko ermitan izango dira eta urriaren 3koa Ezkioko Igartubeiti baserrian. Larunbatero autobus zerbitzua egongo da
Antioko 37. Musikaldia irailaren 5ean hasiko da eta urriaren 3an amaitu. Bost kontzertu egongo dira eta, urtero bezala, azkenekoa Ezkioko Igartubeiti baserrian izango da. Aipatzekoa da Iparragirre eta Beethoven omenduko dituztela. Izan ere, aurten Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurrena eta Beethovenen jaiotzaren 250.a izango dira.
Lehen lau kontzertuak Antioko baselizan izango dira, 19:30ean. Autobus zerbitzua egongo da. 18:30ean irtengo da, Correosetik.
Iparragirre eta Lete
Irailaren 5ean Joxan Goikoetxea akordeoilariak eta Euskamerata taldeak Iparragirre eta Lete: bi min kantuan ikuskizuna egingo dute. Goikoetxearekin batera, Klara Mendizabal eta Amaia Azkue abeslariak, Balen Lopez de Munain gitarra-jotzailea, Paola Zannoni biolontxelo-jotzailea eta Iñaki Beraetxe errezitatzailea arituko dira.
Iparragirreren eta Leteren kantez gain, Bach, Meyerbeer, Pergolesi, Wordsworth, Schubert, Sagreras, Xenpelar eta Angelisen obrak joko dituzte.
Irailaren 12an, Garikoitz Mendizabal txistulariak eta German Ormazabal piano-jotzaileak Metamorfosia kontzertua egingo dute. Moreno, Rivas, Hakim, Garbizu, Gorosarri eta Lazkanoren lanak eskainiko dituzte.
Irailaren 19an, Vocalia abesbatzak eta Ensemble Conductus talde instrumentalak kontzertua barrokoa egingo dute. Vivaldi, Galuppi eta Hasse-ren obrak joko dituzte.
Irailaren 26an, berriz, Kamerata Euskdivarius taldeak Beethovenen 7. Sinfonia joko du.
Bosgarren eta azken kontzertua Ezkioko Igartubeiti baserrian izango da: urriaren 3an, 18:00etan. Gandeia taldeak joko du.
Antolatzaileek Iparragirreren eta Beethovenen jaiotzen urteurrenak ez ezik, koronabirusa ere aintzat hartu dute, noski. COVID-19ak eragindako edukiera murrizketak direla eta, kontzertuetara joateko gonbidapena beharko da. Gonbidapena Zelai Arizti kultur etxean eskatu beharko da, kontzertu bakoitzaren aurreko astean, astelehenetik asteazkenera. 943 72 91 54 telefonora deitu beharko da (09:00etatik 14:00etara) edo kultura@zumarraga.eus helbide elektronikora idatzi. Eskaerak eskuragarri dauden gonbidapenak baino gehiago badira, zozketa bidez esleituko dira.
Pertsona bakoitzak bi gonbidapen jaso ahal izango ditu gehienez, eta gonbidapen bat eskatzailearen izenean izango da. Gonbidapena aurkezten dutenak bakarrik sartu ahal izango dira ermitara. Kontzerturako sarrera 18:30etik aurrera baimenduko da.
Autobusera sartzeko ere nahitaezkoa izango da gonbidapena aurkeztea. Bestalde, ezinbestekoa izango da eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitzea eta maskara erabiltzea, bai autobusean eta bai elizan.
Aurtengo Musikaldia Mikel Serrano Zumarragako alkateak aurkeztu zuen, atzo, Antioko ermitan bertan. Musikaldiak Iparragirre eta Beethoven omenduko dituela azpimarratu zuen eta ziklo honetan ospe handiko musikariek jo dutela gogoratu zuen.