Iparragirre Plazan hasi dute urretxuarrari eskainitako ekitaldia Maialen Fidalgo eta Gorka Hermosaren parte-hartzearekin. Ekitaldia hilerrian amaitu dute olerkariaren panteoian lore sorta bat utzi ostean
Urretxun jaiotako Jose Mari Iparragirre olerkari kuttunari bere ibilbidea eskertzeko asmoz, lore-eskaintza egin diote gaur eguerdian. Eguzkia gogor jotzen ari zen arren, jende ugari inguratu da haien bizilaguna izandakoari esker ona emateko asmoz.
Maialen Fidalgo, Iparragirre 2020 egitasmoko arduradun nagusia izan da ekitaldiari hasiera eman diona. Olerkariaren omenez esandako hitz batzuen ostean, Gorka Hermosa akordeoilari urretxuarrak Urretxutik mundura konposizioaren zati bat jo du zuzenean bertaratu diren guztientzat eta jarraian agurra dantzatu dute bi gaztek. Txalo zaparrada artean utzi du Maialen Fidalgok lore-sorta bat Iparragirreri eskainitako oroitarrian. Ekitaldiari amaiera emateko asmoz, hilerriraino hurbildu dira zenbait lagun, eta olerkariaren panteoian beste lore sorta bat uzteko.
“Gernikako Arbola” Euskal Herriko ereserkia izatea eskatu dute hainbat musikarik
Gaur aurkeztu dute zenbait musikari eta abeslarik Gernikako Arbola Euskal Herriko ereserkia izateko manifestua, Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurrenarekin bat eginez. Iruñeko Takonera parkean izan da ekitaldia, goizeko 11:30etan, eta Euskal Herriko txoko guztietako abeslari eta musikariak elkartu dira bertan.
Gernikako Arbolaren doinua Blas Altuna piano-jotzaileak konposatu zuen eta hitzak berriz Jose Migel Arrieta Maskaruak, baina nolanahi ere, ereserkia ezagun egin zuena Iparragirre izan zen, eta hori dela eta aukeratu dute gaurko eguna manifestua sinatzeko.
Gorka Hermosa trikitilaria ere ekimen honetako parte da, eta hitz batzuk eskaini dizkigu gaurko ekitaldian:
Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurrena ospatzeko kontzertua
Honez gain, pasa den larunbatean ere Hamabostaldiaren ziklo bidaiariak kontzertu berezia eskaini zuen San Martin de Tours parrokian. Kontzertu horretan Jose Maria Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurrena ospatu zuten, German Ormazabal pianistaren, Maite Arruabarrena mezzosopranoaren eta Andoni Egaña bertsolariaren “Gu, gu, gu, gu… eta beste zenbait doinu” ikuskizunekin.