Osasun sailak zabaldutako txosten epidemiologikoaren arabera, bost kasu berri daude Zumarragan eta bi Urretxun. Bestalde, Euskadin inoiz zenbatu den positibo kopuru handiena atzeman dute azken 24 orduan.
Osasun krisia hasi zenetik Euskadin inoiz zenbatu den positibo kopuru handiena atzeman dute azken 24 orduan. Orain egiten den PCR kopurua hasierakoekin alderatuta nabarmen handiagoa den arren, birusa oraindik ere hedatzen ari dela erakusten dute jasotako emaitzek. Atzoko egunean EAE mailan 8.763 PCR proba egin ziren, eta horietatik 764 izan dira positibo, pandemia hasi zenetik jaso den zifra altuena.
Osasun sailak 24 orduan bost positibo kasu atzeman ditu Zumarragan eta bi Urretxun.
Gipuzkoan 243 positibo zenbatu ditu Osasun sailak; Araban 131 izan dira, eta Bizkaian 365. Euskal Autonomia Erkidego mailan 31 eri daude ZIUn ospitaleratuak, eta beste 42 dira atzo ospitalera eramandakoak. Guztira 217 dira ingresatuta daudenak.