Iker Serrano eta Imanol Gartziandia eskubaloi jokalari urretxuarrek elkarren aurka jokatuko dute igandean Europa Ligan. Serranok azken denboraldia du Bidasoa taldean eta Gartziandiak lehena Frantziako PAUCen.
Igande honetan, Zumarraga eta Urretxuko Urola eskubaloi taldeak harrobi bikaina duela argi geldituko da beste behin. Izan ere, lehen pausoak Urolan eman zituzten Iker Serrano eta Imanol Gartziandia urretxuarrek Europa Ligako partida jokatuko dute Irungo Artaleku kiroldegian. Serrano Bidasoa taldearekin arituko da eta Gartziandia estatu frantziarreko PAUC taldearekin. Serrano beteranoak azken denboraldia du Bidasoan eta Gartziandia gazteak lehena PAUC taldean.
Kanporaketa partida bakarrera jokatuko da. Izan ere, Frantzian jokatu beharreko partida bertan behera gelditu zen PAUC taldeko bost jokalarik positibo eman zutelako. Serranori ilusioa egiten dio Gartziandiaren aurka jokatzeak, noski. «Bi edo hiru aldiz hitz egin dut dagoeneko berarekin. Ez genuen beraien aurka jokatu nahi, baina ezta beraiek gure aurka ere. Izan ere, zozketako bi talde indartsuenak ginen. Baina hala suertatu da eta aurre egin beharko zaio. Oso jokalari onak dituzte eta beraien aurrekontua gurea baino hiruzpalau aldiz handiagoa da. Guk ez ditugu beraiek bezainbeste aldaketa egin. Hori alde izango dugu. Faboritoak beraiek direla uste dut. Artalekun jokatzeagatik abantaila dugula dirudi, baina ez da hala. Izan ere, birusa dela eta, ezin dugu Artaleku bete».
Debuta
Gartziandiari ere ilusio handia egiten dio Serranoren aurka jokatzeak. Gainera, bere lehen partida izango da PAUC taldearekin. «Ikerrek eta biok oso harreman ona dugu eta bere bidez jakin nuen elkarren aurka jokatu behar dugula. Debuta Bidasoaren eta Ikerren aurka izatea gauza handia da. Pena egoera horren berezia izatea. Senitartekoak eta lagunak ezin izango dira partida ikustera joan».
Berak ez du uste PAUC faboritoa denik. «Aurre denboraldia berandu hasi genuen protokolo kontuengatik eta, gainera, taldeko batzuk positibo eman zuten. Batzuk etxean daude oraindik. Oso zaila izango da partida irabaztea. Izan ere, Bidasoak bi hilabeteko aurre denboraldia egin du eta guk bi aste eman genituen entrenatzen, ondoren astebeteko geldialdia egin genuen eta aste bat bakarrik daramagu entrenatzen».
Azken denboraldiak Logro-ñon eman ondoren, lehen urtea du Frantzian. «Kanpora joateko gogoa nuen eta Frantziako ligak oso maila ona du. Gainera, PAUC gora doan taldea da. Aukera erakargarria da».
Ongi etorri ona egin diotela dio. «Oso gustura nago taldekideekin eta taldearen filosofiarekin. Frantziako eskubaloia hemengoaren ezberdina da. Fisikoki gogorragoa da. Ohitzen saiatzen ari naiz. Gure helburua ligan bost lehenengoen artean sailkatzea eta Europan ahalik eta urrutien heltzea da. Arlo pertsonalean, lehen helburua lehenbailehen moldatzea da. Bigarren helburua nire maila erakustea eta PAUC taldean jokalari garrantzitsua izatea da. Bi urterako fitxatu dut eta ez dakit ondoren zer gertatuko den. Nire egunerako bizimodua ez da asko aldatu eta hizkuntzarekin ere geroz eta hobeto moldatzen ari naiz».
Serranok ondo ezagutzen du PAUC taldea, urte luzetan Frantzian jokatu baitu. Gartzaindiak aukeraketa ona egin duela uste du. «Imanol etorkizun handiko jokalaria da. Oso ona da, bai defentsan eta bai erasoan. Esperientzia hau oso ona izango da berarentzat. Frantzian beste era batera jokatzen da, fisikoak pisu handiagoa du, eta moldatu egin beharko da. Bizimoduari dagokionez, Aix-en-Provence oso hiri polita da. Bertan oso ondo biziko da. Gainera, taldea oso indartsua da eta jarraitzaile asko ditu».
Etorkizunari dagokionez, Serranok azken denboraldia du Bidasoa taldean. «Gure helburua Europan aurrera egitea eta ligan hiru lehenengoen artean gelditzea da. Egoera arraro honetara hobeto moldatzen denak abantaila izango du. Gogotsu nago. Ondo entrenatu dut eta sentsazio onak ditut. Nire azken denboraldia izango da Bidasoa taldean, seguru aski. Taldea gora doa eta gazteei tokia uzteko garaia heldu dela uste dut. Eskubaloian jokatzen jarraitzeko asmoa dut, baina ez Frantzian edo Alemanian. Beste ligaren bat ezagutu nahi dut».
Bidasoan oroitzapen ona utzi nahi du. «Lan ona egin dudala uste dut. Iritsi nintzenean taldea Asobal ligara igo berria zen eta Europan uztea gauza handia izango litzateke».