Udalak Goierriko Hitzako eta Goiberriko harpidetza oparituko die harremana euskaraz edukitzea erabakitzen duten gazteei
Bosgarren urtez jarraian, Zumarragako Udalarekin harremanak euskaraz izan nahi dituzten herriko gazteek Goierriko Hitza egunkaria eta GoiBerri aldizkaria doan jasoko dituzte urtebetez.
Eskaintza hau 2019an 18 urte bete dituzten gazteei zuzendua dago. Zumarragako Udalak gutun bana bidali die iaz 18 urte bete zituzten zumarragar guztiei, ekimenaren berri emanez.
Udalarekin harremanak euskaraz izan nahi dituztenek, esku orria bete eta hilaren 18a baino lehen Zumarragako udaletxean aurkeztu behar dute: astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara. Gutuna posta elektronikoz ere bidali dezakete, euskara@zumarraga.eus helbidera, hain zuzen ere.
Aurten 106 gaztek jasoko dute Mikel Serrano alkateak eta Nerea Errasti Euskara batzordeburuak sinatutako gutuna. Ekimen hori 2015ari zegokion txostena aztertu ondoren sortu zen. Gazteengana heltzea zaila da eta herritarrek udalarekin harremanak euskaraz izan ditzaketela jakitea nahi dute. Horretarako, Goierriko Hedabideak enpresaren laguntza dute.
Izan ere, Zumarragako Udalak eta Goierriko Hedabideak enpresak elkarlan hitzarmena sinatua dute Zumarragako gazteen artean euskara sustatzen jarraitzeko.