Gaur, 20:00etan, 'Iparragirre: bihotzeko Jose Mari' lana antzeztuko dute Urretxuko Labeaga aretoan. Bere bizitzan nabarmendu ziren emakumeek Urretxuko artistaren bizipenak eta XIX. mendea ekarriko dituzte gogora.
Emakumeak oso garrantzitsuak izan ziren Iparragirreren bizitzan. Hala, bere jaiotzaren 200. urteurreneko ospakizunetan ere presentzia garrantzitsua izaten ari dira. Gaur bertan bere bizitzako emakumeetako batzuk ezagutzeko aukera egongo da: 20:00etan, Labeaga aretoan, Bilboko Loraldia kultur elkartearen Iparragirre: bihotzeko Jose Mari lana antzeztuko dute.
Antzezlan horretan Iparragirreren bizitzan nabarmendu ziren emakumeak elkartu dituzte: ama, emaztea, Parisen ezagutu zuen sopranoa, Manuela, alaba… Emakume horiek Iparragirreren bizipenak ekarriko dituzte gogora eta XIX. mendeko gizartea nolakoa zen azalduko dute.
Horretarako, Iparragirreri bidalitako eskutitzak irakurriko dituzte. Fikziozko eskutitz horien bitartez, ikusleek Urretxuko bardoaren izaeraren eta bizitzaren berri izango dute. Gainera, aktoreek Iparragirreren kantak abestuko dituzte.
Hiru emakume arituko dira aktore eta kantari lanetan: Joli Paskualena, Ainara Ortega eta Ane Gabarain. Iparragirreren aulkian, berriz, Anjel Unzu gitarra-jotzailea eseriko da. Denek Tanttaka konpainiako Fernando Bernuesen zuzendaritzapean lan egingo dute. Eskutitzak, berriz, Aizpea Goenagak, Arantxa Iturbek eta Iñigo Legorburuk idatzi dituzte.
Sarrerak 19:00etatik 20:00etara egongo dira salgai, 5 euroan, Labeaga aretoan bertan.
Hurrengo ekitaldiak
Lan hori martxoan antzeztu behar zen, baina koronabirusagatik atzeratu zen. Iparragirre 2020 programak etena izan zuen, baina abuztuan berriro abian jarri da. Hurrengo ekitaldiak urrian izango dira. 4an, Ondarearen Europako Jardunaldian barruan, alde zaharreko igande gastro-kulturalei hasiera emango zaie. Igandero XIX. mendera itzultzeko aukera egongo da, Goiko Kale eta Iparragirre kaleetan. Urriaren 25a, berriz, egun biribila izango da Urretxun: igande gastro-kulturalaz gain, Iparragirreren Ibilbidea bisita gidatuaz gozatzeko aukera egongo da. Eta eguna amaitzeko, aldundiak eta Morgan ekoiztetxeak Iparragirre ikuskizuna estreinatuko dute Labeaga aretoan.