‘Todas las promesas que rompimos’ du izenburua
Astelehenean May Boeken zumarragarrak hirugarren liburua argitaratu zuen: Todas las promesas que rompimos. Madrilgo Pamies argitaletxearen Phoebe zigiluak argitaratu du, paperean eta formatu digitalean.
Boekenek (Maitane Vierbucherren izen artistikoa) 2018an egin zuen debuta, Everlasting Wound bilogiarekin. Bi liburu horietan bigarren mailako pertsonaia zen Ana izeneko emakumea da hirugarren liburuko protagonista, hain zuzen ere.
Bilogiaren amaieran Boekenek Anaren bizitzan zerbait gertatu behar zela aurreratu zuen, baina ez zuen argitu nor izango zuen Anak bidelagun. Hirugarren liburuan, irakurleek Anarengana gerturatzea lortu zuenaren izena ezagutuko dute. Ana oldartsu, ero eta lotsagabeak bere bizitzari ustekabeko bira eman beharko dio.
Argitaletxearen arabera, Boekenek emozio handiko eleberri erromantiko hunkigarria idatzi du, berezkoa duen umorea alboratu gabe eta ohiko estilo aske eta azkarrarekin. Pertsonaia nagusia aurreko bi liburuetan agertzen bada ere, hirugarrena irakurtzeko ez dago lehen biak irakurri beharrik. Autoreak aurreratu duenez, hirugarren eleberri horrek ez du bigarren zatirik izango.
Boekenek kazetari izan nahi zuen umetan. Bizitzak beste bide batzuetatik eraman badu ere, hitzek presentzia handia dute bere egunerokoan. Izan ere, irakurle sutsua da. Diseinu grafikoa ikasi zuen eta egun marketin eta komunikazio enpresa batean lan egiten du. Lanetik kanpo, azken hiru urteak bere hirugarren nobela hau prestatzen eman ditu. Koronabirusa dela eta, liburuaren aurkezpena sare sozialen bidez egingo du (@mayboeken), irailaren amaieran. Horretaz gain, bere jaioterrian aurkezpen txiki bat egiteko aukera aztertzen ari dela aurreratu du idazleak.