Gazteek lokala txukundu dute eta ikasturte berrirako egitarau oparoa prestatu dute
Lau hamarkada pasa dira dagoeneko Urretxuko eta Zumarragako lehen gaztetxea ireki zenetik. Ordutik, gaztetxeak txakalaldiak eta biziberritzeak izan ditu. Oraingoan biziberritze berri baten aurrean gaude. Gazteek eraikina txukundu dute eta kultur egitarau oparoa prestatu dute. Hilaren 26an aurkeztuko dute.
Nerea Arrazolak eta Mikel Iturriotzek eman dute nondik norakoen berri. Hasteko, gaztetxearen eta gazte asanbladaren arteko harremana zein den azaldu nahi izan dute, herritarrek gaztetxearen funtzionamendua uler dezaten: «Gazte asanbladaren eta gaztetxearen ibilbideak elkarri oso lotuta ageri dira gaztelekua ireki zenetik. Hala ere, ezin esan gaur-gaurkoz gauza bera direnik. Gaztetxearen kudeaketaz zenbait eragile eta norbanakok osatutako asanblada arduratzen da; asanblada honi gaztetxeko asanblada deitzen diogu. Gaztetxeko asanbladan parte hartzen duen eragileetako bat da UZGA Urretxu-Zumarragako gazte asanblada. Hala ere, badu bereizgarri bat: UZGA da gaztetxearen arduraduna legez. Horregatik, eta gaztetxearen kudeaketan inplikazio gehien duen eragilea bera delako, UZGAk tira egiten du gaztetxeko asanbladak funtzionatu dezan», azaldu du Iturriotzek.
Funtzionatzeko modu horrek bi helburu ditu. «UZGAko kide izan gabe gaztetxearen kudeaketan laguntzeko aukera sortzen du. Bestetik, kudeaketa lan tekniko guztia UZGAren gainean erortzea ekiditen dugu, hala honek bestelako lanketa batzuk egiteko aukera izan dezan», aipatu du Arrazolak.
Gaztetxean aldaketak eman dira azken urteetan. «Bi dira azken urteetan puntu aipagarrienak: astean zehar barra ixtea eta kudeaketa eragileen artean banatzea. Aste osoan gaztetxeko beheko pisuko barra irekita egotetik asteburuetan edo ekimenen bat dagoenean soilik irekitzera igaro ginen duela urte pare bat. Bestalde, lehen aipatu gisara, Gaztetxea UZGAk soilik kudeatzetik eragile eta norbanakoen arteko elkarlanean kudeatzera igaro gara. Azkenik, pandemiaren kontu honekin, aldi batez barra itxita edukitzea erabaki dugu. Hala ere, ekimenak burutzeko irekiko da beheko aretoa datozen hilabeteetan», esan du Arrazolak.
Gazte asanbladak ere aldaketak bizi izan ditu. «Duela hiru bat urte belaunaldi aldaketa eman zen eta ondorengo urtean ikasten aritu ginen. 2019-2020 ikasturtea hastean hausnarketarako eta barnera begirako lana egiteko tarte bat hartu genuen, eta itzultzeko prestatzen hasi ginenean, udaberrian, COVID-19aren pandemiak bete-betean harrapatu gintuen», azaldu du Iturriotzek.
Lan talde berriaren lana fruituak ematen hasi da. «Berrikuntza nagusia lauhilekoko programarena da. Ikasturtea hasterako, urtea amaitu bitartean egingo ditugun ekimen ezberdinak biltzen dituen agenda prestatu dugu. Irailean zehar, datozen hilabeteetan egingo ditugun ekimen horien berri ematen aritu gara: kartelak itsatsiz kalean, aurkezpenak eginez ikastetxeetan, sare sozialetan iragarriz… Azkenik, UZGAren jarduna azaldu eta ekimenen berri emateko, hilaren 26ean aurkezpen ekitaldi txiki bat antolatu dugu gaztetxean», aipatu du Arrazolak.
Egitarau oparoa prestatzen ari dira eta ekitaldi guztietan osasun neurriak zorrotz beteko direla bermatuko dute, noski. «26an gaztetxea erakutsiko dugu eta musika emanaldi labur bat egingo dugu. Hurrengo egunean, igandean, gazte problematikaren inguruko hitzaldi bat antolatu dugu, gaur egungo gizartean gazteon egoerara hurbilpen kritiko bat egiteko», aurreratu dute.
Ondorengo hilabeteetan ere ekitaldi asko egongo dira: urrian argazkigintzari buruzko tailer bat eta soinu teknikaritzari buruzko beste bat egingo dituzte, besteak beste. «Arlo hauetan interesa dutenek lehen pausoak emateko balioko dute, baina baita apur bat dakitenek gehiago ikasteko ere».
Azaroan genero problematikari buruzko tailer bat egingo dute, eta abendurako bertso-eskolarekin harremanetan jarri dira bertso saio bat antolatzeko. Saio horren forma oraindik ez dute definitu.
Aipatutakoez gain, hilabetero film bat proiektatuko dute eta ondoren filmari buruzko tertulia txiki bat egingo dute. Ostiral gauetan izango. Azkenik, gainontzeko eragileek antolatutako ekimenetan ere parte hartuko dute: Mutamu, KKinzona, Ikasle Abertzaleak, Itaia, Hezurre…
Gazteak hilaren 26ko aurkezpenera gonbidatu dituzte. «Inor ez dadila lotsatu, kolektiboki gazteon intereseko ekimenak antolatzeko eta gazteoi ardura zaizkigun problematikei aurre egiteko espazioa da asanblada, eta parte hartu nahi duen oro etortzea nahi dugu», dio Arrazolak. «Ikasturte honetan larunbat arratsaldez geratuko gara, 16:00etan gaztetxean. Aurkezpenera joan ezingo dena bertara gerturatu ahal izango da», gehitu du Iturriotzek.