Martxoan aurkeztu behar zuten baina atzeratu beste erremediorik ez zuten izan. Zumarragako historia eta ingurunea uztartzen dituen ibilbidea da
Beloki mendiaren magaleko ibilbide paisajistikoa inauguratu dute Mikel Serrano Zumarragako alkateak eta Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatuak. Bost kilometro inguruko ibilbidearen inguruan bost gune egokitu dituzte, Zumarragaren historian garrantzia izan duten gaiak ardatz hartuta. “Ibilbide paisajistikoa Zumarragako ondare historikoari keinua da. Zumarragako historiak, inguruneak eta jasangarritasunak bat egiten dute”, laburtu du Serranok.
Gune bakoitzak tematizazio bat du: Antioko baseliza, industria, saskigintza, trena eta Legazpi dorretxea. Postu bakoitzean panel informatiboak jarri dituzte, eta atseden hartzeko guneak egokitu. Atseden gune horiek Antioko interpretazio zentroaren osagarri izango dira.
Iaz hasitako proiektua da, pasa den abenduan aurkeztu baitzituzten lehen guneak. Proeiktua martxoan amaitu behar zuten, baina itxialdia medio, atzeratu beste erremediorik ez zuten izan.