Sindikatuek deitutako kontzentrazioa ostiralean egingo da, 11:00etan
SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek kontzentrazioak egingo dituzte ostiralean, 11:00etan, ospitaletan. Langileei eta herritarrei parte hartzeko deia luzatu diete. Langileak lanez gainezka, haserre eta gogaituta daudela diote eta berehalako eta sakoneko konponbideak behar dituztela. Giza baliabideak eta baliabide materialak behar direla uste dute eta egoera hau azken abian jarritako murrizketa politiken ondorioa dela. Gainera, Osakidetzaren arduradunek elkarrizketarako borondate eskasa dutela salatu dute.
“Ostiralean publiko egindako oharrean, Osasun sailak adierazi zuen Gobernu Programan jasotako konpromisoetako bat dela datozen lau urteetan 4.000 lanpostu berri sortzea. Gobernu Akordioaren testuak, ordea, ez du lanpostuen sorrerarik aurreikusten. Esaten duena da 2020-2024 epealdian 4.000 lanpostu eskainiko direla Lan Eskaintza Publikoetan. Kontutan hartuta Osakidetzan erretiroagatik urtero 1.000 lanpostu inguru hutsik geratzen direla, eta gaur egun 15.000 behin behineko langile baino gehiago daudela, 4.000 lanpostu horien deialdiak ez ditu ia beteko 4 urteko epealdi horretan erretiroagatik sortuko diren hutsuneak, eta ez du ekarriko aldi baterako langileen tasa oso altuak dituen plantilla egonkortzea, ezta zerbitzu publikoa ematen duten langileen kopurua haunditzea ere. Gainera, Osakidetzak berehalako konponbideak behar ditu, eta horiek ezin dira legegintzaldi oso bat atzeratu”, azaldu dute sindikatuek.
Hori guztia dela eta, herritarrei ostiraleko kontzentrazioan parte hartzera gonbidatu diete.