'Antidisturbios' telesailean parte hartu du
Chema Tena aktore urretxuarra Zinemaldian egon da egunotan, Antidisturbios telesaila aurkezten. Movistar+ek ekoiztutako telesail honek Sail Ofizialean parte hartu du, lehiaketatik kanpo. Urriaren 16an estreinatuko da. 50 minutuko sei kapitulu dira.
Protagonistak istiluen kontrako polizia batzuk dira. Etxegabetze batean parte hartuko dute, Madrilen. Etxegabetze horretan gizonezko bat hil egingo da eta poliziaren Barne Arazoetarako Unitateak ikerketa hasiko du. Tena Barne Arazoetarako Unitateko polizietako bat da.
Telesaila Rodrigo Sorogoyen madrildarrak zuzendu du. Zuzendari honek hiru aldiz parte hartu du Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean eta El Reino pelikularekin zazpi Goya irabazi zituen.
Tena oso gustura ageri da. “Telesaila ustelkeriari buruz da eta oso bizia da. Seguru aski bigarren denboraldi bat filmatuko da”.