Etzitik aurrera, larunbat, igande eta jai egunetan irekiko da, 09:00etatik 21:00ak arte
Martxoan, COVID-19 pandemiaren ondorioz, Zumarragako anbulatorioko Etengabeko Arreta Guneak ateak itxi zituen aldi baterako. Neurri hori alarma egoeran hartu zen, herritarrak segurtasun baldintzak bermatuz artatu ahal izateko.
Hilabete hauetan guztietan Goierri garaiko bizilagunak telefonoz artatu dituzte eta aurrez aurreko zerbitzua beharrezkoa izan den kasuetan Beasaingo anbulatoriora edo ospitalera bideratu dituzte. Zumarragako osasun zentroko Etengabeko Arreta Guneak bihar irekiko ditu ateak berriro.
Etzitik aurrera, larunbat, igande eta jai egunetan irekiko da, 09:00etatik 21:00ak arte, «herritarren irisgarritasuna hobetzeko, joan etorriak saihesteko eta asistentzia sanitarioaren segurtasuna eta kalitatea bermatzeko».
Zer egin
Hemendik aurrera, larunbat, igande eta jai egunetan (aipatutako ordutegian) larrialdi bat dutenak zuzenean Zumarragako anbulatoriora joan ahal izango dira. Hori bai, lehenago telefonoz deitzea gomendatzen dute.
Gainontzeko egunetan, orain arte bezala, telefono bidez artatuko dituzte pazienteak eta ondoren ospitalera edo Beasaingo anbulatoriora joan beharra duten esango diete. Telefono zenbakia 943 03 52 20 da.