Martxotik itxita egon da eta bihartik aurrera larunbat, igande eta jai egunetan irekiko da
Martxoa geroztik itxita egon den Zumarragako Etengabeko Arreta Gunea (EAG) bihartik aurrera larunbat, igande eta jai egunetan irekiko da, 09:00etatik 21:00etara. Martxoa arte asteko zazpi egunetan irekitzen zen, eguneko 24 orduetan. Hori dela eta, Legazpiko, Urretxuko eta Zumarragako EH Bilduk pandemia aurreko baldintza berdinetan irekitzea eskatu dute.
EAGren itxierak EH Bilduren kezka piztu du eta Eusko Legebiltzarrean argibideak eskatu ditu. “Uztailaren 15ean Eusko Legebiltzarrean argibideak eskatu genituen idatzizko galderen bidez. Erantzunik jaso ez genuenez berriz ere bideratu genituen galderak abuztuaren 13an. Egoerak bere horretan jarraitzen zuela ikusirik, irailaren 8an Legez Besteko Proposamena sartu genuen Eusko Legebiltzarrean, Legebiltzarrak premiaz Osasun Sailari Zumarragako Etenik Gabeko Arreta Gunea irekitzeko eskatu ziezaion. Legez Besteko Proposamenaren erantzuna aurreko astean jaso genuen eta bertan Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak ez digu inolako argibiderik eman, eta gainera, ez du irekieraren inguruko aipamenik egiten”.
EH Bilduk EAGak funtsezkoak direla uste du. “Osasun publikoko arduradunek, profesionalek eta oro har aditu guztiek diote EAGak funtsezkoak direla arreta komunitarioaren ikuspuntutik eta ospitaleetako larrialdiak ez saturatzeko. Beraz, ez du zentzurik Zumarragako EAGa partzialki irekitzeak”.
Hori dela eta, herritarrei mobilizazioetan parte hartzeko eskatu diete. “Legazpiko, Urretxu eta Zumarragako EH Bilduk sindikatuek eta bestelako eragileek Zumarragako EAGa murrizketarik zabaltzeko eskatzeko egingo dituzten mobilizazioak babestuko ditugu eta herritarrak horietan parte hartzera animatzen ditugu”.