Zumarragako Etxeberri auzoko jaiak urriko lehen asteburuan ospatzen dira. Aurten ez dira egingo. Fincias Oleta tabernako nagusia eta Jai batzordeko kidea da.
Noiztik antolatzen dira Etxeberri auzoko jaiak?
Duela urte batzuk, Zumarragako Udalak auzoan hobekuntzak egin zituen eta parkea berritu zuen. Hori dela eta, ekitaldi batzuk antolatu zituen. Hurrengo urtean guk geuk, auzotarrok, festak antolatzea erabaki genuen.
Zer dute berezia Etxeberriko jaiek?
Ekitaldi asko antolatzen dira eta jende asko etortzen da, nahiz eta auzo txikia den eta herrigunetik aparte dagoen.
Ze ekitaldi antolatzen dituzue?
Idi probak, haurrentzako jolasak, aretoko dantzen erakustaldia, karaokea, sukaldaritza lehiaketa, auzo afaria, urdaiazpiko iberiko dastaketa… Bestalde, gure tabernak mus txapelketa antolatzen du eta saski batzuk zozkatzen ditu.
Zein da arrakasta gehien izaten duen ekitaldia?
Aretoko dantzen erakustaldiak arrakasta handia izaten du. Jende asko etortzen da ikustera. Bestalde, ostiralean haurrentzako jolasak antolatzen ditugu eta familia asko etortzen dira. Idi probek ere jende asko erakartzen dute. Egia esan, jaietako ekitaldi guztietan jende askok parte hartzen du.
Bestelakoan ere jende asko etortzen al da Etxeberrira?
Bidegorria egin zenetik, jende gehiago etortzen da Etxeberrira. Izan ere, bidegorria auzotik pasatzen da. Horri esker, herrigunean bizi diren zumarragar eta urretxuar askok Etxeberri auzoa hobeto ezagutu dute. Bidegorriak gure tabernari ere mesede egiten dio, noski.
Bidegorrian ibiltzen den jende asko gerturatzen al da tabernara?
Bidegorriaren eragina nabarmena da. Zenbaitzuk gure tabernan geldialdia egiteko ohitura dute.
Noiz hartu zenuen Oleta taberna?
2003an. Ordutik, tabernako giroa dezente aldatu da. Egun, lehen baino gazte gehiago etortzen dira. Igandetan pintxo asko zerbitzatzen ditugu. Bestalde, lehen mus partida asko jokatzen ziren eta egun ez.
Etxeberri auzoko Oleta taberna inguruko ehiztarien topagune ere bada.
Nire senarra ehiztaria da eta bere lagun asko etortzen dira. Dena den, lehenago ere Oleta taberna ehiztarien topagune zen. Ehiztari asko hemen gelditzen dira ehizara joateko.
Nolatan hartu zenuen Oleta taberna?
Aitube tabernan lan egiten nuen eta nire lehengusu bati Oleta taberna saltzen zela esan zioten. Bion artean erosi genuen. Lehen urteetan lehengusuak eta biok lan egin genuen tabernan. Duela bost urte, nik hartu nuen tabernaren ardura.
Zergatik erabaki zenuten Etxeberrira etortzea? Auzoa ezagutzen al zenuten?
Bai. Nire aitona-amonak eta nire aita hemengoak dira. Ni ez nintzen Etxeberrin jaio, baina auzoa oso ondo ezagutzen nuen. Umetan askotan etortzen nintzen. Gainera, nire lehengusua hemen bizi zen eta bazekien tabernak bezero asko zituela. Oso gustura nago Oleta tabernan eta Etxeberri auzoan.
Zer du berezia Etxeberri auzoak? Zer esango zenieke Zumarraga eta Urretxuko gainontzeko bizilagunei auzo honetara gehiago etor daitezen?
Jendea oso irekia eta abegitsua da eta oso giro ona dago. Etor daitezela. Etxeberri auzoak merezi du eta besoak zabalik hartuko ditugu.
Auzoak ba al du zer hobetu?
Beti dago zer hobetu, baina auzoa ondo dagoela uste dut. Zumarragako Udalak auzoa ondo zaintzen duela esango nuke. Eta zerbait hautsi dela eta ez dutela konpontzen ikusten badugu, udaletxera jotzen dugu.
Aurten, koronabirusa dela eta, ezin izan dituzue auzoko jaiak antolatu. Zer diote auzotarrek?
Pena sentitzen dute, baina beldurra ere bai. Egungo egoeran ezin da festarik antolatu eta primeran ulertu dute.