Indarkeria matxistari aurre egiten, askatasunez dantza egiten, alpargatak egiten eta gatazkak kudeatzen irakatsiko dute. Goierri garaiko Emakumeen Etxean eman behar da izena
Urola Garaiko Berdintasun arloaren jabetza eskolak lau tailer antolatu ditu udazken honetarako: Nola egin aurre indarkeria matxistari: ondo egindakoak eta erronkak, Emakumeak mugimenduan, Alpargata tailerra eta Gatazkak eraldatu.
Indarkeria matxistari aurre egiteko tailerra asteartetan izango da, 17:30etik 19:30era. Urriaren 20an hasiko da eta urtarrilaren 26an bukatu. Abenduaren 8an, 22an eta 29an eta urtarrilaren 5ean eta 12an ez da eskolarik egongo.
Beatriz Zalakain eta Ana Murciak dinamizatuko dute, gazteleraz. Erdi presentziala izango da (online eta presentziala). Ikastaro honen helburua indarkeria matxistaren aurrean ahalduntze indibidual eta kolektiboa sustatzea da. Indarkeria matxistak nola jarduten duen aztertu, indarkeriazko harreman batetik irtetea zergatik den horren zaila ulertu eta zerbitzu legal eta sozialak ezagutu. Parte hartzaileei indarkeria matxista jasaten ari diren emakumeen bidelagun izaten lagunduko dieten erremintak emango dizkiete.
Emakumeak mugimenduan ikastaroa urriaren 23an, azaroaren 6an eta 20an eta abenduaren 4an eta 18an emango dute, 09:30etik 11:00etara, elebitan. Dinamizatzailea Oihane Vicente dantzaria izango da.
Emakumeek beraien mugimendu propioak aterako dituzte, beste emakume batzuekin, bakoitzak nahi duen bezala eta epairik gabe dantza egiteko. Elkar ezagutu eta zaintzeko espazio bat izango da. Ez dago dantza egiten jakin beharrik.
Alpargatak
Alpargata tailerra azaroaren 3an, 10ean, 17an eta 24an eta abenduaren 1ean emango dute, 09:30etik 12:30era, elebitan. Dinamizatzailea Marian Idiakez izango da. Alpargatak egingo dituzte, material birziklatuarekin. Helburua, ahalduntze pertsonal eta kolektiboa, saretzea, beldurrak kentzea, sorkuntza bultzatzea eta autoestimua lantzea da.
Gatazkak eraldatu tailerrari dagokionez, azaroaren 6an eta 7an emango dute. Ostiraleko eskola 17:00etatik 20:00etara izango da. Larunbatean bi saio egongo dira: 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.
Tailerra Anahi Sarasolak dinamizatuko du, gazteleraz. Gatazkak kudeatzen irakatsiko du. «Gure egunerokoan egoera asko bizi ditugu inguruko pertsonekin, gatazkara eramaten gaituztenak. Eta gatazka zerbait txarra eta ekidin beharrekoa denaren susmoa dago. Ikastaro honetan ideia hori eraldatuko dugu, gatazka guztion bizitzetako gauza natural gisa ulertuz. Gakoa gatazkaren kudeaketan dago».
Tailer guztiak doakoak dira eta aurretik abisatuta haurtzaindegi zerbitzua egongo da. Ikastaroak Emakumeen Etxean emango dira. Izena emateko 943 25 23 89 zenbakira deitu behar da edo jabekuntzaeskola@gmail.com helbidera idatzi.