Finalerdietako bigarren saioa jokatuko dute gaur, Beloki pilotalekuan. Elite mailakoen aurretik, txapelketa herrikoiko finalerdiak eta promesa mailako lau t'erdiko partida ere jokatuko dute
Goñiren omenezko pilota txapelketako finalerdietako bigarren saioa jokatuko da gaur, 18:30ean, Zumarragako Beloki pilotalekuan. Promesa mailako laut’erdiko txapelketan, Oskozek Aitor Altunaren aurka jokatuko du. Elite mailako binakako txapelketan, Eneko Labaka eta Sarasa, Elola eta Aldaberen aurka arituko dira. Bi partida horien aurretik, txapelketa herrikoiko finalerdiak jokatuko dira: Aleman eta Baez, Urtzelai eta Babarroren aurka. Sarrerak 5 euro balio du eta ikusleen artean saski bat zozkatuko da.
Antolatzaileen esanetan, elite mailako jokalariek partida polita jokatuko dute, orain arte emandako maila errepikatzeko gai badira. «Atzean ez da alde handirik ikusten Sarasa eta Aldaberen artean, bereziki Eltzaburuko atzelaria nahiko gorabehera izaten ari delako azken aldian. Final laurdenetan lanak izan zituzten Murua eta Arbizu kanporatzeko, baina azkenerako Eneko Labakaren ofizioak eta kalitateak eman zien finalerdietarako txartela. Hori izan daiteke bikote gorriaren abantailetako bat, Albizturreko aurrelariak oraindik ere alde handiakegin ohi dituelako maila honetan. Hala ere, egun ona duenean, Bidaniako Elola edonori irabazteko gai da eta azken asteetan oso maila altuan jokatzen ari da». Irabazleek Mata eta Gaskueren aurka jokatuko dute urriaren16ko finalean.
Lau t’erdikoa
Promesa mailako partidari dagokionez, hor ere ez da erraza finalera nor helduko den asmatzea. «Javi Oskozek eta Aitor Altunak lau t’erdikoan jokatzeko dohain handiak erakutsi dituzte. Bi pilotari tekniko eta ikusgarri dira. Oskoz nafarrak agian defentsa hobea du eta Altuna tolosarra, aldiz, errematean erasokorrago aritzen da. Bakoitza partida bere aldera eramaten saiatuko da eta komeni zaion erritmoa jartzea lortzen duenak, asko izango du irabazita». Irabazleak Ruiz de Larramendiren aurka jokatuko du finalean.