Finalak bihar jokatuko dira, 21:30ean Beloki pilotalekuan
Bihar (ostirala), Goñiren omenezko txapelketako finalak jokatuko dira Zumarragako pilotalekuan. Jaialdia 21:30ean hasiko da. Bigarren eta hirugarren partidaren artean, 1970ean Herriarteko Pilota Txapelketa irabazi zuten pilotari eta botileroak omenduko dituzte. Izan ere, larunbatean garaipen haren 50. urteurrena izan zen.
Goñi txapelketako finalei dagokienez, Elite mailako binakako txapelketan, Labakak eta Sarasak Mata eta Gaskueren aurka jokatuko dute. Promesa mailako lau t’erdiko txapelketari dagokionez, Oskoz nafarrak Ruiz de Larramendi lazkaotarraren aurka jokatuko du.
Ohi bezala, Goñi txapelketako partiden aurretik herri mailako txapelketako finala jokatuko da. Urtzelai eta Babarrok Oliveira eta Cruzekin neurtuko dituzte indarrak.
Finalerako sarrerek 8 euro balio dute eta 685 778 617 zenbakira deituta erreserbatu daitezke. Dagoeneko erreserbatu dituztenek, gaur arratsaldean bertan jaso ditzakete: 18:00etatik 22:00etara, Beloki pilotalekuko leihatilan.
Finalera joaterik ez dutenek, ETB4n ikusi ahal izango dute: igandean, 12:00etan.