Gipuzkoako sei udalerri gertutik jarraituko ditu, azken 14 egunetan 500 koronabirus kasu baino gehiago izan dituztelako 100.000 biztanleko
Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako sei udalerri gertutik jarraituko ditu koronabirus kasu asko dituztelako eta horien artean Zumarraga dago. Jaurlaritzak langa bat jarri du (azken 14 egunetan 500 kasu baino gehiago 100.000 biztanleko) eta sei udalerri horiek langa hori gainditzen dute. Zumarragak 542,64 kasu ditu 100.000 biztanleko. Beste bost udalerriak Azkoitia (934,19), Azpeitia (850,22), Ordizia (661,99), Beasain (587,01) eta Tolosa (581,21) dira. Durangok ere langa gainditzen du. Udalerri hauek 100.000 biztanle baino gehiago balituzte, konfinatuta egoteko hiru baldintzetako bat beteko lukete. Gipuzkoako herri txiki batzuetan (horien artean Antzuola, Zaldibia eta Zegama daude) langa askogatik gainditzen dute, baina herri txikiek kezka txikiagoa eragiten dute. Jaurlaritzak topaketak saihesteko eskatu die herritarrei.