Urretxuarrak ordubete eta 22 minutuan osatu du 17 kilometroko erlojupekoa. Gustura agertu da "urte zelebre honetan behintzat txapel bat" irabazteko aukera izan duelako.
Aritz Egea korrikalari urretxuarrak irabazi du Aramotz Mendi Lasterketa. Zornotzan (Bizkaia) jokatzen den probak, 17 kilometroko ibilbidea eta 1000 metroko desnibela du, eta Euskal Herriko mendi lasterketen zirkuituko proba puntuagarria da. Egeak 1:22:30eko denboran osatu du ibilbidea, bigarren egin duen Asier Larruzeari minututik gorako aldea aterata. Nesketan, Sara Alonso izan da irabazlea.
Lasterketa bukatu berritan, proba “polita bezain agonikoa” izan dela azaldu du Egeak, Euskadi Irratian egindako adierazpenetan. Proba berezia zen, erlojupeko eran egin baitute, eta “sentsazio bereziak” izan baditu ere, “gustura” agertu da egindako lanarekin. Bukaeraraino zein posiziotan zihoan ez jakiteak “dena ematera” behartu duela dio. Psikologikoki ere, garaipena ondo etorri zaio: “urte zelebre honetan behintzat txapel bat irabazteko aukera izango dugu”; izan ere, “seguraski urte honetan lasterketa gehiagorik ez” baita izango Euskal Herrian.