Zumarragako Osasun Zentroaren aurrean elkartuko dira, 12:00etan.
Hainbat hilabetez itxita egon eta gero, joan den ostiralean zabaldu zuten Zumarragako Etengabeko Arreta Zerbitzua. Asteburuetan bakarrik zabalduko dute oraingoz, ordea. Osasun arloko langileek nahiz sindikatuek, eta gizarteko beste hainbat eragilek, berriro ere egunero eta 24 orduz zabal dezatela eskatu dute. Hain zuzen ere, horixe aldarrikatzeko elkarretaratzea deitu dute biharko. 12:00etan elkartuko dira, Zumarragako Osasun Zentroaren atarian.
Zerbitzu hori martxoan itxi zuten, koronabirusaren pandemiak osasun zerbitzuetan ekarri zuen berregituratzearen barruan. Irailean EH Bilduk zerbitzu hori berehala martxan jartzeko eskaera egin zuen, Eusko Legebiltzarrean legez-besteko proposamena aurkeztuta. Joan den astean, berriz, Osakidetzako sindikatuek agerraldia egin zuten, aldarrikapen berarekin.