Lanak datorren urteko udan hastea aurreikusi dute.
Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak eta Jon Luqui eta Javier Zubizarreta Urretxuko eta Azkoitiko alkateek Aizpurutxoko lanak bisitatu zituzten atzo. Aizpurutxon egiten ari diren lanak azaroko lehen hamabostaldian lanak amaituta izatea aurreikusten du aldundiak.
Aizpurutxora egindako bisitan Azkoitia eta Urretxu arteko errepidearen berritzeak “martxan” jarraituko duela jakinarazi zuen Olanok. Izan ere, GI-631 errepidearen erdiko zatia handitzeko obraren lizitazioa, bigarren fasearena, urtea amaitu baino lehen egingo dute. Fase horri dagozkion lanak 2021. urteko udan hastea aurreikusten du aldundiak.
Azkoitia eta Urretxu arteko proiektu osoak 45,5 milioi euroko aurrekontua du, eta hiru fasetan egingo dituzte lanak. Proiektua amaitutakoan, errepideak bi noranzkoetan hiru zati izango ditu aurreratzeko erreiekin. Orain egingo dutena erdiko zatia da, eta Aizpurutxo eta Urretxu arteko bidean 1,6 kilometro inguruan egingo dute aurreratzeko erreia. 9,3 milioi euroko aurrekontua izango dute lan horiek, eta hamalau hilabete pasatxo iraungo dute aldundiaren arabera.
Zati horietan bihurgunetan ikusmena handitu egingo dela aurreratu zuen Oiarbidek. Horrez gain, zortzi bihurgune hobetuko dituzte.
Proiektu hau oso garrantzitsua da aldundiaren ustez. “COVID-19ak egoera ekonomiko zaila ekarri du, baina inbertsioan aurrerapauso garrantzitsua egin nahi dugu eta lan hauek aldundiko errepide sailean protagonismo berezia izango dute”, esan zuen Olanok. Aldundiarentat Azkoitia eta Urretxu arteko proiektua “garrantzitsuena” dela azaldu zuen ahaldun nagusiak.