Zumarragako Udalak bere horretan mantenduko ditu iazko tasa eta zergarik gehienak; zaborrarena bakarrik igoko da.
Zumarragako Udalak tasa eta zerga gehienak izoztea onartu du azken osoko bilkuran. Zaborraren bilketari eta tratamenduari dagokion tasa %5 igoko da. Sasieta mankomunitateak aurten baino %6,31 gehiago kobratuko dio Zumarragako Udalari, baina honek bere gain hartuko du herritarrek 2021eko tasan ordainduko ez duten %1,31 hori. PSE-EE eta Elkarrekin Zumarraga alderdiek alde bozkatu dute; EH Bilduk eta EAJk, berriz, abstentziora jo dute.
Elkarrekin Zumarragak, aurreko urteetan bezala, etxebizitza hutsen jabeek gehiago ordaindu dezatela eskatu du. PSE-EEko bozeramaleak, aurreko urteetan bezala, legeak etxebizitza hutsa zer den zehaztearen zain daudela erantzun dio. «Gainordaina onartu duten herri batzuk epaitegira» eraman dituztela gogorarazi du.
EAJk zaborrari dagokion tasa ez igotzea eta herritarrak heztea proposatu du, zabor gutxiago sor dezaten eta sortzen dutena ondo sailkatu dezaten. EH Bilduri dagokionez, lau proposamen egin zditu: etxebizitza hutsei %100eko gainordaina ezartzea, 30 urtetik gorako autoek duten hobaria kentzea, zaborraren tasa izoztea eta konpostatzen dutenei hobaria eskaintzea.
Uraren gaia aztergai
Bestalde, Zumarraga urarengatik gehien ordaintzen duen herria dela salatu du koalizio abertzaleak. Gipuzkoako beste herri askok baino%40 gehiago eta Estatu espainiarreko hiri garestienak (Bartzelona) baino gehiago.
2007an udalak ur horniketaeta sarearen mantenu lana Aquarbe enpresari eman zion, 2,5 milioi euroren truke. Kontratua 2022an amaitzen da eta EHBilduk 2022an lehiaketarik ez deitzea eta udalak zerbitzua beregain hartzea eskatu du. Baita uraren tasa %40 jaistea ere.
Josu Aztiria bozeramaleak Aquarbe irabazi erraldoiak dituen multinazional baten esku dagoela gogorarazi du. «Udalak 2,5 milioi jaso zituen, baina Aquarbek diru hori berreskuratu beharra du eta horretarako zerbitzuaren prezioa igotzen du».
Mikel Serrano alkateak erantzun dio, zumarragarrek ordaintzen duten tasa ezin dela beste herrietako bizilagunek ordaintzen dutenarekin konparatu. «Zumarragan zerbitzua hobea da: ur gutxiago galtzen da, etxean ur jarioa badugu mugikorrean mezu bat jasotzen dugu eta baserri ia guztietan ura dute, bai edateko eta bai suteak itzaltzeko ere».