Eitzako igoeran adar asko erori dira espaloira
Haizeak oso gogor jo du gaur gauean Urretxu eta Zumarragan ere. Zumarragari dagokionez, Eitzako igoeran mojetako lorategiko adar asko espaloira erori dira. Ikerlora enpresakoak adar horiek jasotzen eta erortzeko arriskua dutenak botatzen ari dira. Eitzatik Antiora doan bidean zuhaitz bat erori da, Intsauti eta Elizalde baserrien artean. Ikerlorakoak bidetik kentzera joan dira. Iñaki Linazasoro kalean, berriz, eroritako zuhaitz batek atari batetik ateratzea eragozten zuen. Dagoeneko kendu dute. Argixao adinekoen egoitzaren parean dagoen parkean, Urtubi parkean eta Bidezar atzealdean ere zuhaitzak erori dira. Horretaz gain, haizeak anbulatorioan PCR probak egiteko jarri zuten karpa txikitu du eta Artiz kaleko aparkalekuko metalezko itxierak bota ditu.
Urretxuri dagokionez, haizeak hainbat zuhaitz bota ditu lizeo inguruan. Adar batek auto bat jo du. Bestalde, argazkiak ikus daitekeen moduan, haizeak hainbat edukiontzi mugitu ditu.
Atzo gauean Zumarragako meteorologia-estazioan 73 kilometro orduko haize boladak neurtu zituzten.