Jasotako oihal, artile eta botoiekin kuxinak egingo dituzte bularreko minbizia duten emakumeentzat eta panpinak minbizia duten haurrentzat
Zumarragako lau establezimendutan oihal zatiak, artilea, botoiak… jasotzen ari dira Katxalin elkartearentzat. Elkarte honek bihotz forma duten kuxinak egiten ditu bularreko minbizia duten emakumeentzat. Kuxin hauek ospitaletan dauden emakumeek erabiltzen dituzte, besapean jartzeko. Katxalinekoek panpinak ere egiten dituzte, minbizia duten haurrentzat. Oihal zatiak, artilea, botoiak eta kuxinak eta panpinak egiteko erabili daitezkeen gainontzeko materialak ondorengo lau establezimenduetan utzi daitezke: Urki liburudendan, Grupo Goiurren, Andere ileapaindegian eta Salegi harategian.