Bartzelonako Marina kaletik pasa den euskaldun batek baino gehiagok sorpresa galanta hartuko zuen. Kale horretan Urretxu izeneko jatetxe bat dago eta pertsianan Irimo mendia du margotuta.
Urretxuarrak munduan zehar ibili zaleak dira eta urretxuarrak izateaz harro daude. Iparragirre da horren adibide onena: Europa eta Amerika ezagutu zituen eta bere jaioterriari abestu zion. Joserra Okarizek, berriz, duela 18 urte Urretxu izeneko jatetxea ireki zuen Bartzelonan eta jatetxeko pertsianan Irimo mendia margotu du.
Okariz Areizaga kalekoa da. «Oso ikasle txarra nintzen. Nire ama, Maritxu Legorburu, oso sukaldari ona da eta nik ere sukaldea gustuko nuen. Hala, Donostiako sukaldaritza eskolara joan nintzen».
Hamaika tokitan lan egin zuen bere lehen jatetxea ireki arte: Donostiako Costa Vasca hotelean, Donostiako Kokotxa jatetxean, Malagan, Kanariar Uharteetan, Madrilen, Iruñean… Ondoren, hainbat jatetxeren ardura hartu zuen: Legazpiko batzokia, Santa Barbarako jatetxea eta Zumarragako Alkartetxea.
Duela 25 urte Bartzelonara joan zen. Hainbat jatetxetan lan egin ondoren, duela 18 Urretxu jatetxea ireki zuen. «Nire anaiek lagundu zidaten: Luisek, Iñakik, Asierrek eta Albertok».
Bartzelonan, gustura
Oso gustura dago Bartzelonan. «Bartzelonak hondartza du eta niretzat itsasoa oso garrantzitsua da. Jatetxetik oso gogaituta irteten naizenean, hondartzara joaten naiz».
Jatetxea hondartzatik gertu dago. «Marina kalean dago, hondartzatik 500 bat metrora. Euskal sukaldaritza egiten dugu, batik bat: patata tortila, txangurroa, kroketak, txuleta, legatza saltsan, bakailoa pil-pil erara…», azaldu du.
Bezero gehienak kataluniarrak dira, noski. Bartzelonan estimu handian dute. «Bartzelona futbol taldeko presidentea, enpresari asko, auzoko jende gaztea, familiak… mota guztietako jendea etortzen da gurera».
Guztiak Urretxu jartzen duen kartelaren azpitik pasatzen dira jatetxera sartzen direnean. «Urretxuarra naiz eta Urretxu asko maite dut. Jatetxeari izena jartzeko orduan anaiekin hitz egin nuen eta Urretxu izena jartzea erabaki genuen. TX-ekin idazten dugu, gainera».
Bezero guztiek galdetzen diote Urretxu hitzak zer demontre esan nahi duen. «Denek galdetzen didate. Azkenean, horma batean Gipuzkoako mapa bat jarri nuen. Hala, galdetzen didatenean, Urretxu nire herria dela esaten diet eta non dagoen erakutsi. Paretetan Urretxuko argazki zaharrak eta Realeko jokalariek sinatutako kamiseta ere baditugu. Beti Realzalea izan naiz eta ahal dudan guztietan joaten naiz Anoetara. Aita eta anaia bazkideak dira».
Hori guztia gutxi balitz, jatetxeko pertsianan Irimo mendia margotu du. «Jatetxeko txarteletan Irimo mendia ageri da eta ezagun bati pertsianan ere Irimo mendia margotzea proposatu nion. Auzoko pertsiana politena da eta bizilagunei asko gustatzen zaie. Denek errespetatu egiten dute, gainera. Ez dute inoiz ezer margotu gainean».
Okariz urretxuar petoa da, baina emaztea, ordea, zumarragarra du: Amaia Monedero. Berarekin lan egiten du, jatetxeko sukaldean. «Santa Isabel egunean ezagutu genuen elkar eta Antion ezkondu ginen. Hala, ermitako argazki bat ere badugu jatetxean. Baina Urretxuko gauza gehiago daude, e!».
Bi alaba dituzte, Marina eta Kattalin. «Euskaldunak dira. Eta Realekoak!». Urtero etortzen dira Euskal Herrira. «Egun nire anaiak Durangon bizi dira eta gurasoak Donostian, baina Gabonak urtero Urretxun igarotzen ditugu. Udan Donostiara joaten gara, gurasoengana».
Oraingoz bihotzak ez dio Euskal Herrira bizitzera etortzeko agintzen. «Katalunian oso gustura gaude eta oraingoz ez gara Euskal Herrira itzuliko. Hori bai, egunean batean Donostiara itzuli nahi dut. Urte asko daramatzat hiri handi batean eta Urretxu eta Zumarraga txikiegiak iruditzen zaizkit», amaitu du.