ama-alaba harremanei buruzko kontakizun sakon, gogor eta hunkigarria da
Antxiñe Mendizabal Aranburu idazle zumarragarrak Odolekoak liburua aurkeztuko du datorren asteartean.
1941ean hasi eta oraintsu arte, Iruñeko familia baten historia kontatzen digu nobelak, hiru belaunalditan zehar, hiru emakumeren bitartez: Matilde, Teresa eta Amaia. Elkar argitaletxearen prentsa oharraren arabera, “nor bere ama bilatzen eta ukatzen duten hiru matrioxka” dira.
“Unean uneko modak, gertakariak eta bizimoduak pasatzen dira ispilu ibiltari baten aurretik; gizartearen tenkak, borrokak eta aldaketak ageri dira kronika bizi honetan. Historia handiaren gainetik, ordea, hainbat jenderen istorioak ezagutuko ditugu: Echalucetarrenak, baina baita haien ahaide, neskame, lagun eta etsaienak ere”.
“Baina, batez ere, ama-alaba harremanei buruzko kontakizun sakon, gogor eta hunkigarria da: lotura zail, konplexu eta mingarria, sentimendu kontrajarriz osatua, edari bizi batzuen antzera, sartzean eztarria erre eta barrena luzaroan berotuko dizuna”.