Larunbat honetan txangoa egin behar zen eta azaroaren 6, 7 eta 8an haurrentzako ekitaldiak eta azoka
Urretxuko Udalak eta antolakuntza batzordeak Mineralogia eta Paleontologia Astearen 33. edizioa bertan behera uztea erabaki dute.
Mineralogia Astea duela 32 urte sortu zen, Urretxuko mineralen eta fosilen museoa ezagutzera emateko. Ordutik urtero ospatu da, COVID-19a iritsi den arte.
Antolatzaileek dagoeneko dena prest zuten. Urteroko moduan, hamaika ekitaldi egon behar zen: Zeraingo Aizpea meategira txango mineralogikoa, haurrentzako jolasak, eskolentzako bisita gidatuak, haurrei zuzendutako jarduerak eta Ederrena pilotalekuko mineral eta fosilen azoka berezia.
2020ko edizio honetarako protokolo bereziak garatuta zeuden: haurren jolas berriak COVID-19ak eragindako egoera honetarako egokiak dira, azokako salmenta postuak distantziak errespetatuz muntatu behar ziren…