Hamar mankomunitatearen enplegu planaren babesean kontratatuko ditu eta beste biak gazte enplegurako planaren babesean. Lanbiden eman behar da izena
Zumarragako Udalak 12 langabetu kontratatuko ditu urtea amaitu aurretik. Horietako 10 Urola Garaia mankomunitateak kudeatzen duen enplegu planaren babesean kontratatuko ditu eta beste biak gazte enplegurako planaren babesean.
Mankomunitateak kudeatzen duen enplegu planaren helburua bereziki ahulak diren kolektiboei laguntzea da. Hala, plan horretan gazteek, 45 urtetik gorakoek, iraupen luzeko langabetuek, martxoko alarma egoeraren ezarpenaren ondoren lana galdu duten pertsonek eta bazterketa arriskuan daudenek parte har dezakete.
Sei pertsona herriko toki ezberdinetan zaharberritze eta txukuntze lanak egiteko kontratatuko dira. Beste lauek euskararen arloan, gizarte gaietan, ekonomiaren sustapenean eta komunikazio sailean lan egingo dute. Kontratuek sei hilabeteko iraupena izango dute.
Gazteen enplegu plana
Gazteen enplegu planari dagokionez, helburua langabezian dauden gazteei lan egiteko aukera ematea da. Horrela, esperientzia lortuko dute eta etorkizunean errazagoa izango zaie lana aurkitzea.
Plan honetan 16 eta 30 urte bitarteko gazteek parte har dezakete. Langabezian egon behar dute eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan eta Gazte Bermearen Sisteman izena emanda egon behar dute.
Plan honen babesean, Zumarragako Udalak profil teknikoko bi gazte kontratatuko ditu. Ingurumen arloan eta artxiboan lan egingo dute. Bakoitzak proiektu bat garatuko du. Kontratuek 12 eta 8 hilabeteko iraupena izango dute.
Zumarragako Udalak 156.440 euroko diru-laguntza jasoko du 12 langabetu horiek kontratatu ahal izateko.
Lanpostu hauetako bat lortu nahi dutenek Lanbiden izena. emanda eta enplegu eskatzaile gisa alta emanda egon behar dute, bete beharreko lanpostuarekin bat datorren hezkuntza mailarekin.
Lan eskaintza guztiak Lanbideren Zumarragako enplegu bulegoaren bidez kudeatuko dira eta Lanbideren webgunean argitaratuko dira. Beraz, interesdun guztiek telematikoki eman dezakete izena, lanbide.eus webgunean. Horretaz gain, Lanbideren Zumarragako bulegora jo dezakete. Lehenago 945 16 06 00 telefono zenbakira deitu behar dute txanda eskatzeko.