2023 bitarteko ekintza planei babesa emango die. Aurreko agintaldian udalak laguntza teknikoa eskaini zion enpresen elkarteari eta industrialdea zaharberritu zuen
Zumarragako Udalak eta Argixao industrialdeko enpresen elkarteak hitzarmena berritu dute. Hitzarmen berriak 2023 bitartean garatuko dien ekintza planei babesa emango die. Hasteko, elkarteak 30.000 euro jasoko ditu, krisia pairatzen ari diren enpresen artean banatzeko.
Hitzarmenaren helburua Argixao industrialdeko enpresen elkarteak egiten duen lana ezagutzera ematea da, besteak beste. Udalak eta industrialdeak elkarlanari bultzada eman zioten aurreko agintaldian. Udalak diru-laguntza eta laguntza teknikoa eskaini zion elkarteari eta industrialdea zaharberritu zuen.
Industrialdea zaharberritu aurretik, diagnostikoa egin zuten. Diagnostiko honetan industrialdeko enpresa guztiek parte hartu zuten. Zaharberritzea bi fasetan egin zen eta 330.000 euro inbertitu ziren guztira.
Inkesta
Argixao industrialdean 27 enpresa daude eta ia 400 pertsonak lan egiten dute. Enpresak lanpostuak mantentzeko ahalegina egiten ari dira eta udalak inkesta bat egin zuen uztailean egoeraren berri izateko. Inkesta enpresek eskatu zuten. Helburua osasun krisia herriko enpresa txiki eta ertainetan izaten ari den eragina ezagutzea zen.
Enpresen %70ak erantzun zuen (27tik, 19k). Erantzundakoaren arabera, uztailean enpresen %50ak aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea zuen, baina %37ak krisiak ez diola kalterik egin esan zuen. %53ak fakturazioaren erdia baino gehiago galdu du eta %26ak bakarrik espero du 2020an zehar fakturazioa hobetzea.
Enpleguari dagokionez, enpresen %68ak ez du langilerik kaleratu. Horrekin lotuta, Lanbideren datuen arabera, industria arloko langabetuen kopuruak gora egin du: martxoan 87 ziren langabezian zeuden industria arloko langileak eta irailean 110.
Egun, 642 dira langabezian dauden zumarragarrak. Hauetatik %62 zerbitzuen sektorekoak dira, %17 industria sektorekoak, %15 lehenengoz lana bilatzen ari diren pertsonak dira, %5 eraikuntza sektoreko langileak eta %1 lehen sektorekoak.
Hori ikusita, udalak, merkatariei, ostalariei, lehen sektoreko langileei eta autonomoei bezala, industria arloko enpresei laguntzea erabaki du. 30.000 euroko diru-laguntza bideratuko du. Diru hau Argixao enpresa elkarteak kudeatuko du. Osasun krisiaren eraginez fakturazioan %50eko jaitsiera izan duten enpresen artean banatuko du. Enpresa bakoitzak 2.000 euroko laguntza jasoko du.
Joseba Zaldua Argixao elkarteko presidenteak une zailak bizi dituztela aipatu du. «Garai gogorra bizi dugu. Lanik gabe gelditu direnak behin-behineko kontratua zuten langileak dira. Ezin izan zaie kontratua luzatu COVID-19ak enpresetan izan duen eraginagatik».
Instituzioekin elkarlana beharrezkoa izango da egoera honi aurre egiteko. «Urteak daramatzagu udalarekin elkarlanean eta komunikazioa ona da. Udala beti laguntzeko prest azaldu da eta elkarrekin landu ditugun proiektu guztiek emaitza onak eman dituzte».