Gogoa Mobility Robots enpresak exoeskeletoak egiten ditu. Merkaturatu duen azkena eskiatzaileentzako da: 'Snowers' du izena eta lesioak saihesteko eta gutxiago nekatzeko balio du.
Urola Garaia mankomunitateak Goierri garaian alor soziosanitarioa indartzearen aldeko apustua egin du eta apustu horren eskutik, Gogoa Mobility Robots enpresa sortu da. Enpresa honek exoeskeletoak egiten ditu: mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonei laguntzeko jartzen den armadura moduko bat. Gogoak hainbat modelo egin ditu dagoeneko. Gehienak errehabilitaziorako erabiltzen dira, baina batzuk aisialdirako dira. Horietako batek eskia egiten dutenei gutxiago nekatzen eta lesioak ekiditen laguntzen die. Dagoeneko salgai dago.
Gogoa enpresak garatu zuen lehen exoeskeletoa Hank izenekoa da. «Zangoak errehabilitatzeko balio du. Ziurtagiria 2018an eskuratu genuen eta dagoeneko merkatuan dago. Oraingoz ez ditugu asko saldu. Merkatuak errehabilitaziorako teknologia onartzea kostatzen ari da, nahiz eta entsegu klinikoek emaitza onak eman dituzten», azaldu du Carlos Fernandez, Gogoa Mobility Robots enpresako zuzendariak.
Gogoak, exoeskeletoak egin eta saltzeaz gain, errehabilitazio zentro bat du Urretxun. «Urretxuko errehabilitazio zentroan geroz eta dei gehiago jasotzen ditugu. Espainia, Frantzia eta Portugaleko beste zentro batzuetako deiak jaso ditugu. Hank exoeskeletoa probatu nahi dute. Osakidetzak eta Toledoko paraplegiko zentroak exoeskeleto bana dute eta urtarrilean errehabilitazio zentro berri bat irekiko dugu Bilbon».
Urretxukora mundu osoko jendea etorri da. «Okupazioa %60koa da eta Gipuzkoa osoko jendea etortzen da. Beste kontinente batzuetako jendeaere etorri da eta aurki Murtziako pertsona bat etorriko da, hiru hilabeterako. Goierri garaiko jendea ez da etortzen, ordea. Horrek asko harritzen nau. Hiruzpalau hilabeteko tratamendu batek 3.000-4.000 euro balio du. Zer da hori berriro ibili eta autonomoagoa izatearen truke?».
Hank exoeskeletoa garatu ondoren, belaunerako exoeskeleto bat garatu zuten. «Hau ez da errehabilitazio neurologikorako eta zaintza paliatiboetarako (iktusak, parkinsona, esklerosia…), kirol lesioetarako baizik. Entsegu klinikoetan %60 azkarrago senda zaitezkeela erakutsi du. Gainera, errehabilitazioa hobea da. Bilbao Basket taldeko jokalari batek probatu du jada».
Lan eta kirol munduan
Baina medikuntzaren alorrean sartzeko zailtasunak zituztela ikusirik, beraien ezagutza bi linea berri irekitzeko erabiltzea erabaki zuten. Hala, lan munduan eta kirol munduan lan egiten hasi dira. «Industria arloko exoeskeletoek lan egiteko orduan laguntza eskaintzen dute. Lau ditugu: bi besoetarako eta beste bi aldakatarako. Mugimendu bakoitzean egin beharreko indarra arintzen dute. Dagoeneko enpresa askok probatu dituzte eta batzuk erosi egin dituzte dagoeneko. Mugimenduak eta posturak asko errepikatzen direnerako oso baliagarriak dira. Bizkarrak eta besoek jasan beharreko zama %30 murrizten dute eta, hala, lesio asko saihesten dituzte. Espainiako armadako soldaduek ere probatu dute eta oso gustura azaldu dira».
Kirolerako exoeskeletoei dagokienez, hipika, triala, enduroa eta eskia egiten duten kirolarientzat dira egokiak. «Belaunak tolestera behartzen duten kiroletan, belaunek eta koadrizepsek jasaten duten gorputzaren pisu guztia. Gure exoeskeletoa gure giharrari laguntzen dion gihar bat da. Iazko uztailean Alpeetan probatu genuen eta Gabonetan Formigalen aurkeztu genuen. Jende asko probatu zuen. Aurtengo denboraldirako merkaturatu dugu, Indiegogo online plataforman. Abendutik aurrera entregatuko dugu».
Lesioak saihesten laguntzen du, eskiatzailea gutxiago nekatzen denez denbora luzeagoan eskia dezake, beteranoei eta lesioak izan dituztenei eskiatzen jarraitzeko aukera ematen die… «Bi minututan jartzen da eta ibiltzeko eta teleaulkian igotzeko aukera ematen du. Gainera, zango bakoitzak jasan beharreko pisua erregulatu egin daiteke: 7 eta 15 kilo gutxiago artean. Prezioa 400 eurokoa da, baina Indiegogo-n eskaintza berezia egin dugu eta 300 euroan eskura daiteke».