Urretxuko Mineralogia eta Paleontologia Astea ere bertan behera gelditu da. Ekitaldi hau Aguadoren ekimenez sortu zen eta udalari antolaketa lanetan laguntzen dio.
Zein da Mineralogia eta Paleontologia Astearen jatorria?
Nire aitaren bildumarekin mineralen eta fosilen museoa ireki zen. Museoak ireki eta berehala, ezagutzera emateko eta jendea erakartzeko ekitaldiak antolatu behar dira: monografikoak, bisita gidatuak, herriko elkarteekin kolaborazioak… Mineralogia eta Paleontologia Astea ere helburu horrekin jaio zen.
Gogorra izan al da bertan behera uztea?
Aurtengoa 33. ekitaldia izan behar zen. Asko hazi da sortu zenetik. Hori dela eta, ekitaldia bertan behera uzteak ez dio ekitaldiari berari bakarrik eragiten: egun horietan hotelak eta aterpetxeak beteta egoten dira, jatetxeetan ohi baino bazkari gehiago ematen dituzte, tabernetan jende asko ibiltzen da… Azokara 200 pertsona inguru etortzen dira. Kopuru horri bisitariak gehitu behar zaizkio. Hori guztia jakinda, gure asmoa antolatzea zen. Ekitaldiak egungo egoerara egokitu genituen eta segurtasun neurri guztiak zintzo bete behar genituen, baina azkenean badaezpada ere bertan behera uztea erabaki dugu. Dena den, enpresak eta garraio publikoa martxan badaude, jendea kalean badabil… halako kultur ekitaldi bat antolatzeko aukera egon beharko litzateke. Ziur naiz Ederrena pilotalekuko azokan ez litzatekeela inor kutsatuko.
Mineralogia eta Paleontologia Astea oso ezaguna da.
Aurten inoiz baino jende gehiago zetorren. Gure mineral eta fosil azoka Munich eta Bartzelonakoen artean dago. Biak bertan behera gelditu ziren eta Munichera joateko asmoa zuten bildumazale asko Urretxura etortzekoak ziren.
2021ean izan beharko da.
Azaroan egiten da eta bagenekien azaroan egoera ez zela ona izango. Bertan behera utzi beharrak baino pena handiagoa ematen dit jende asko etsita ikusteak. Batzuk amore ematen ari direla iruditzen zait. Zailtasunak zailtasun, gauzak egiten saiatu behar dugula uste dut. Izan ere, hori da bizirik sentitzeko modu bakarra. Garrantzitsuena osasuna da, baina osasuna arriskuan jartzen ez den bitartean, ekitaldiak antolatu behar dira. Gurea bertan behera utzi behar izan dugu, baina horrek ez du esan nahi denak bertan behera utzi behar direnik. Ekitaldiak antolatzen ari diren horiek guztiak gizartea bizirik mantentzen laguntzen ari dira. Hil aurretik, ez dezagun gure burua hiltzat jo.
Aurtengo ediziorako prestatuta zenituztenak hurrengo ediziorako balioko al dute?
Noski. Ez dugu ilusioa galdu eta aurtengorako prestatutako gauza asko datorren urtean erabili ahal izango ditugu. Egoera berrira egokitu behar dugu eta kito. Datorren urteko azaroan koronabirusak hor jarraituko du. Aurten bezala, udaberrian eta udan behera egingo du, baina udazkenean berriro gora egingo du. Hori ikusita, Mineralogia eta Paleontologia Astea maiatzean antolatzea proposatu behar dut. Ikasturtean zehar antolatzea komeni zaigu, ikastetxe asko etortzen baitira. 2021ean ere azaroan antolatzen saiatzen bagara, berriro arazoak izan ditzakegu.
Mineral eta fosilen salerosketa zure lanbidea da. Zein da zuen sektoreak bizi duen egoera?
Pandemiak min handia egin digu. Azoketan saltzen dugu batez ere eta azokak bertan behera gelditu dira. Urretxuko lokalean ere saltzen dugu, baina Erkidegoa itxita dago eta gainera ezin gara herritik atera. Hala, bezeroek ez dute gure dendara etortzerik. Online denda dugu, baina azken urteetan ez diogu kasu handirik egin. Egungo egoera dela eta, eguneratzen ari gara. Horretaz gain, Pandemic Mineral egitasmoan parte hartu dugu. Urretxuko ferian parte hartzen duen mutil batek online feria antolatu zuen maiatzean eta Europako 20 saltzaileri gonbidapena luzatu zigun. Bakoitzak 30 bat mineralen argazkiak bidali genituen eta, guri dagokigunez, egitasmoak arrakasta izan du. Mineral asko saldu ditugu: Alemaniara, Belgikara, Valentziara (Herrialde Katalanak)… mineralak bidali ditugu. Oso pozik gaude, Europa mailan lehiakorrak garela ikusi baitugu. Azaroko bsigarren hamabostaldian Pandemic Mineral azokaren bigarren edizioa egingo da. Ilusio handia dugu, lehen edizioari esker bezero berriak lortu baititugu.