Konfinamendu garaian kaleko saltzaileek lan egiteari utzi behar izan zioten eta orain ezin dira beste herri batzuetara joan saltzera. Urretxun bizi den Bamba Lo senegaldarrak beraien errealitatearen berri eman du.
Koronabirusari aurre egiteko hartutako neurriek kaleko saltzaileen bizitza are eta gogorragoa bihurtu dute. Etorkin hauen diru sarrerak oso eskasak dira eta konfinamendu garaian dirurik gabe eta dirua irabazteko aukerarik gabe gelditu ziren. Oraingo egoera ere ez da batere erraza: herririk herri ibiltzeko ohitura dute eta ezin dira herritik irten. Bamba Lo senegaldarrak bere bizitzaren berri eman du.
Lok 33 urte ditu. Senegalen nekazaria zen. «Ezkonduta nago eta 5 urteko seme bat dut. Duela urte eta erdi Senegaletik ateratzea erabaki nuen. Inork ez du bere herrialdetik atera nahi, baina Senegalen ez dago lanik».
Senegaletik Marokora autoz joan zen, Ondoren, patera batean Andaluziara pasa zen. «Zorte handikoa naizela esaten dut beti. Hiru egun bakarrik eman nituen Marokon eta lehenengo saiakeran Europara heltzea lortu nuen. Itsasontzi batek erreskatatu egin gintuen eta Gurutze Gorriak Malagara eraman. Ondoren Granadara eraman ninduten».
Bere asmoa zuzenean Euskal Herrira etortzea zen, bere lagun batzuk dagoeneko hemen baitzeuden. «Gurutze Gorrikoek ze asmo nituen galdetu zidaten eta Euskal Herrira etorri nahi nuela esan nien. Beasainen bizi den lagun baten telefono zenbakia eman nien, berarekin hitz egin zuten eta bidaia ordaindu zidaten».
Oso gustura dago Euskal Herrian. «Jendea oso irekia da eta lagun asko ditut, baina paperak lortzeko hiru urte eman behar ditut bertan eta urtebeteko lan kontratua lortu. Hiru urte denbora asko da. Egunean egunekoarekin bizi naiz: gure egoeran, pisuaren alokairua, argia, ura, janaria… ordaintzeko dirua lortzea oso zaila da. Bestalde, helduen eskolan DBH egiten ari naiz. Nire helburua ondoren lanbideren bat ikastea da. Bidea luzea izango da, baina nire buruan sinesten dut. Gaztea naiz eta lan egiteko gogoa dut».
Oraingoz, kaleko saltzaile bezala lan egiteko aukera bakarrik izan du. «Goizetan helduen eskolara joaten naiz eta arratsaldetan lan egiten dut. Ez ditut gauza ezberdin asko saltzen, ez baitiet hemengo dendei kalte egin nahi. Baina nik ere lan egin beharra dut. Beste lanen bat aurkituko banu, ez nintzateke kalean saltzen arituko. Herri askotara joaten naiz, txandaka: Hernani, Villabona, Oñati, Arrasate, Eskoriatza, Azkoitia, Azpeitia eta Ormaiztegira. Gehien gustatzen zaidan herria Oñati da. Bertako jendea oso jatorra da eta lagun asko ditut. Asko gustatuko litzaidake bertan bizitzea. Izan ere, kontua ez da saltzea edo ez saltzea bakarrik, jendearekin kafe bat hartzea eta berriketan egotea ere asko eskertzen dut. Batzuk bazkaltzera gonbidatzen naute».
Koronabirusa heldu zenetik egoerak okerrera egin du, ordea. «Jende asko langabezian gelditu da, kalean elkarrengana hurbiltzeari beldur diogu… Hori guztia gutxi balitz, orain ez digute herritik irteten uzten. Urretxun bizi naiz, hiru pisukiderekin. Gustura nago, baina Urretxun oso gutxi saltzen dut. Jendeak beste toki batzuetan baino gutxiago erosten du. Zorionez, laguntza eskaintzen didaten lagunak ditut. Beraien telefono zenbakiak ditut eta arazoren bat badut beraiei dei diezaieket. Gure egoeran, laguntza oro ongi etorria da».
Bere lagun bereziena Maria Jesus Elosegi hernaniarra da. «Hemengo nire ama da. Ama batek bezala zaintzen nau. Euskal Herrira heldu berritan ezagutu nuen, oraindik gazteleraz hitz egiten ez nekienean. Berak frantsesez daki eta frantsesez komunikatu ginen. Egunero deitzen dit eta gaur soinean daramadan arropa guztia berak erosi zidan», azaldu du.
Konfinamendu garaian ere bere lagunei esker egin zuen aurrera. «Batzuk janaria eman zidaten, beste batzuk diru apur bat… Gurutze Gorriaren eta Caritasen laguntza ere jaso nuen. Zorte handia dut. Irekia naiz eta bost hilabetetan gazteleraz hitz egiten ikasi nuen. Euskaraz hitz egiten ere ikasi nahi dut eta helduen eskolan euskara eskola gehiago ematea gustatuko litzaidake. Euskaraz ondo samar moldatzen naiz, baina herri bakoitzean bere hizkera dute!».
Epe luzera, bere helburua emaztea eta semea Euskal Herrira ekartzea da. «Nire ametsa emaztearekin eta semearekin Oñatin bizitzea da».