500 bat lagunek manifestazio zaratatsua egin dute Zumarragako eta Urretxuko kaleetan. Bi udaletxeen aurreetan "lan egiten uzteko" eskatu dute ostalariek.
Zumarragako eta Urretxuko ostalariek deituta manifestazio jendetsua eta zaratatsua egin dute gaur arratsaldean, ‘SOS Ostalaritza, Ostalaritza aurrera’ lelopean. “Langileak gara, ez gaizkileak oihukatuz”, bi herrietako udaletxe aurreetan “lan egiten uzteko” eskatu dute.
“Tristura, amorrua, ziurgabetasuna, beldurra, mina, antsietatea… Hauexek dira, egun ilun hauetan ostalarioi bururatzen zaizkigun hainbat sentimendu. Baina, denetik indartsuena, inpotentzia da, eskuak lotuta sentitzea, garai hauetan oso grabea den zerbait egiteko, taberna batean lan egitea. Ditxosozko COVID-a tabernetan dagoela konbentzitzea nahi dute, garraio publikoak, parkeak, merkatal zentroak… tope egoten diren bitartean. Zer esanik ez, enpresa handi eta potenteak ezin dira ukitu, ezin dela ekonomia gelditu esaten digute, tabernetan egiten duguna, ekonomia ez dela dirudi…”.
Lanik egin ezean, “ezin dugu autonomo kuotarik ordaindu, ezin dugu ordaindu ez argirik, ez urik, ez alokairurik, ez hipotekarik, ez umeen eskolarik, ez janaririk, ez arroparik… Zergak atzeratzearekin ez da nahikoa gero denak batera kobratu behar badituzue. Laguntza barregarri horiek ez dira nahikoak, gero dena ordaintzen jarraitu behar badugu. Ez digute soluzionatzen. Egiazko irtenbideak behar ditugu!”, eskatu diete politikariei.
Koronabirusari aurre egiteko inbertsio ugari egin dituzte tabernariek: “manparak, maskarak, eskularruak, garbitzeko gelak, toldoak… Azkenean, berriro ixteko. Ostalaritzarekin egiten ari dena krudelkeria hutsa da, denbora librearekin bukatu nahi duzue eta koronabirusaz mozorrotzen duzue. Ez dugu ezagutzen Zumarragako eta Urretxuko tabernarik, non tabernaren erruagatik COVID agerraldi bat egon den. Orduan, zertaz ari gara? Gertatzen dena da, bakoitzak bere etxean isolatuta eta isilik hobeto gaudela”.
Diru sarrerarik gabe “hondamena, gosea, desolazioa, familia hautsiak, krisi psikologiko larriak egongo dira, baina hau zuei bost axola zaizue. Ez dago zuekin, zuen mundua beste bat da. Benetan, bilera bukaezinak behar al dituzue azkenean ostalaritza ixteko? Ez al da hobe bilera horiek irtenbideak aurkitzeko erabiltzea, suntsiketa sortzea baino? Hor uzten dizuegu… Guzti horregatik, eta askoz gehiagogatik borrokan jarraituko dugu. Utziguzue lan egiten! Gora Zumarraga eta Urretxuko Ostalaritza!”.