Manifestazioa Areizaga-Kalebarren plazatik abiatuko da, 19:00etan
Urretxu eta Zumarragako ostalariek larunbatero manifestazioa egingo dute bi herriko kaleetan, lan egiten utzi diezaieten eskatzeko. Manifestazioa 19:00etan abiatuko da, Areizaga-Kalebarren plazatik. Merkatariei babesa eskatu behar diete eta herritarrak ere parte hartzera animatu dituzte.
Ostalariek gaur bertan eman dute ekimenaren berri. “Egoera honek irauten duen bitartean, gure ezinegona azalduko dugu. Bizilagun guztien babesa nahi dugu, manifestazioa ahalik eta jendetsuena izan dadin. Bestalde, merkatariekin harremanetan jarri behar gara, babesa eskatzeko. Izan ere, tabernak itxi zirenetik, kaleetan jende gutxiago dabil eta horrek merkataritzari kalte egiten dio”, azaldu du Eire tabernako Txema Iriberrik.
Bere esanetan, positiboen gorakada beraien sektoreari leporatzea ez da bidezkoa. “Infekzioen %2,3 bakarrik eman da ostalaritzan, baina gure aurkako neurri asko hartu dituzte. Aforoekin, ordutegiekin… zoratu egin gaituzte”.
Hokaba tabernako Jon Estrella iritzi berekoa da. “Gure sektorea zigortuena izan da. Ez bakarrik oraingo itxieragatik, baita lehenago hartu zituzten neurriengatik ere. Urretxuko jaiak, San Martin jaiak, Santa Lutzi feria… ez ospatzea jakintzat ematen genuen, baina gainontzeko neurriek akabatu egin gaituzte. Zigortuenak gara, errurik eduki gabe. Koronabirusa guk ekarri dugula dirudi. Eskatzen dugun bakarra, baldintza duinetan lan egiten uztea da. Borrokan jarraituko dugu, lan egiten uzten diguten arte”.
Iriberrik ziurgabetasun egoera salatu du. “Orain ez dakigu noiz irekiko dugu, irekitzen utzi zigutenean ez genekien berriro ixtera behartuko gintuzten edo zein neurri hartuko zituzten… Horrela ez dago lan egiterik. Azken hilabete hauetan inbertsioak egin ditugu, gastu asko izan ditugu, eta orain tabernak itxi dizkigute. Zertarako egin inbertsioak? Ez dago eskubiderik. Tabernariok gure eskuetan zegoen guztia egin dugu”.