Gutun bat bidali dute omenaldia antolatu zutenei eskerrak emateko
Zumarragako Udalak eta Beloki pilota elkarteak 1970ean Zumarragarekin Herriarteko Pilota Txapelketa irabazi zuten pilotariak omendu zituzten urriaren 16an. Omenduek gutun bat bidali dute komunikabideetara, omenaldiaren antolatzaileei eskerrak emateko.
“Urriaren 16an, Goñiren oroimenezko pilota txapelketaren finalean, 1970ean Zumarraga ordezkatuz Herriarteko Pilota Txapelketa irabazi genuen pilotari eta ordezkarioi omenaldi xume eta ederra eskaini ziguten, garaipen haren 50. urteurrena dela eta.
Guk, Jon Gartziandia, Agustin Erostarbe, Joxe Mari Sudupe, Jose Luis Idiakez eta Pedro Gordo pilotariok, Lurdes Esnaola Lazaro Ormazabalen alargunak, Daniel Apaolaza delegatuak eta Itziar Albisua Alejandro Albisua delegatuaren alabak, eskerrak eman nahi dizkiegu Mikel Serrano alkate eta pilotazalea buru duen Zumarragako Udalari eta Iñigo Viana buru duen Beloki klubari ekitaldi eder baten bitartez gu ondratzeagatik.
Asko hunkitu ginen eta gure Zumarraga maitea ordezkatuz txapela lortu genueneko garai zoriontsu hura gogoratzeko aukera eduki genuen. Omenaldian sekula ahaztuko ez ditugun une ederrak bizi izan genituen. Eskerrik asko”.