Aitziber Gine eta Lorena Perez psikologoek tailer terapeutikoak eskainiko dituzte. Psikoestimulazioa landuko dute taldean. Harremanen arloa ere jorratuko dute.
Galera koginitiboari aurre hartzea eta isolamendua saihesteko pertsona nagusien arteko harremanak areagotzea helburutzat hartuta, zerbitzu berri bat jarri da martxan Goierrin, estimulazio soziokognitiboa lantzeko tailer terapeutikoak, hain zuzen. Aitziber Gine eta Lorena Perez psikologoek eskainiko dute zerbitzua, Zumarragan, azaroaren 24tik aurrera.
Ongizate kognitiboa, emozionala eta soziala lantzea nahi duten pertsonentzako da zerbitzu berria, eta alzheimerrak edo beste gaixotasunen batek eragindako dementzia dutenei edo adinean aurrera egiteak dakarren narriadura eta moteltzea nabaritzen dutenei dago zuzenduta bereziki. Taldeko terapia izango da oinarria.
Taldeak gehienez bost lagunekoak izango dira, arreta pertsonalizatua eskaini ahal izateko, eta partaide bakoitzaren gaitasunetan eta premietan indar handiagoa jarri ahal izateko. Astean bi saio izango dira, astearte eta ostiraletan, 10:00etatik 11:30era. Informazio gehiago edo izena eman nahi duenak 653 734 457 telefonora deitu edo aitzibergine@outlook.com helbidera idatzi dezake.
Berria eta premiazkoa
Goierrin horrelako zerbitzurik ez dela eskaini orain arte nabarmendu dute bi psikologoek. «Estimulazio kognitiboa lantzen duten tailerrak ezagutzen ditugu, baina guk kutsu terapeutikoa eta soziala erantsi dugu», azaldu du Perez urretxuarrak. Gineren esanetan, «gaurko zaintza ereduan bazterrean uzten den arloa» da hori. Pertsona nagusiei dago zuzenduta batez ere, dementzia diagnostikoa izan eta lehen estadioan daudenei, baina «baita zahartzaroaren despiste normal horiek edo narriadura naturala sumatzen hasi diren pertsonei ere».
Gine legazpiarrak tailerren koordinazioa eramango du, eta Perez taldeetaz arduratuko da.Tailerren dinamikan alor soziala, partaideen arteko eta kanpoko harremanak eta alderdi emozionala asko zainduko dituztela diote. Psikoestimulazioa, bestalde, kalkulua, logika, aritmetika, espazioko eta denborazko orientazioa, irakurritakoaren ulermena, memoria… eta beste alderdi batzuk lantzeko ariketetan oinarrituko da. «Eskola dela dirudi piska bat, baina hain justu kutsu hori kendu nahi diogu guk», ariketa horiek guztiak oso praktikoak izango direlako eta eguneroko bizitzarako lagungarri izango zaizkien tresna edo estrategia gisa erabiliko dituztelako, «ogia erostera joateko, adibidez». Autonomia mantentzeko baliagarriak izango dira, beraz.
Harremanen lanketa
Ginek eta Perezek argi utzi nahi dute tailer hauekin ez dela dementzia eta narriadura geldituko, baina moteltzea lortu daitekeela. Horretan harreman sozialek duten garrantzia ere nabarmendu dute, izan ere, «adinak dakarren narriadurarekin, pertsonek harremanak izateko gaitasuna galtzen dute askotan». Tailerretan, memoriaren lanketaren bidez esaterako, ezagunen izenak gogoratzen lagunduko diete.
Taldekideek harreman berriak egiteko ere balioko dute tailerrek, eta bakoitzari bere espazio propioa izateko aukera ere eskainiko zaie. Izan ere, taldea «sozializatzeko bidea eta babes sarea» izango da. Horrekin guztiarekin, isolamendua saihesteko bidea jarriko dute.