Ostalariek kezka eta haserrea gizarteratu dute. Langileak direla eta ez gaizkileak ozen oihukatuz, ordezkari politikoei eskatu diete berandu izan baino lehen irtenbide bat bilatzea.
Urretxu-Zumarragako ostalariei babes osoa erakutsi diete ehunka herritarrek. “Kontutan izan behar da, bi herrien artean ia 100 bat ostalaritza establezimendu daudela”, nabarmendu du Elena Reta Urretxuko Berit tabernako arduradunak, manifestazioa abiatu aurretik. Areizaga-Kalebarren plazatik atera dira Sos Ostalaritza parkataren atzean, “langileak gara, ez gaizkileak” ozen oihukatuz . “Negozioen jabeei bakarrik ez, ostalaritza establezimenduak ixteko aginduak, zerbitzari, garbitzaile, komertzial, eta beste askori eragiten die, katea oso luzea da, oso zaila da esaten zenbat pertsonei eta familiei ekarriko dien kaltea honek guztiak”. Arrazoi horiengatik eta beste askorengatik, haserrea eta kezka gizarteratu nahi izan dituzte, beste behin ere: “Tabernak ixteko agindua eman bai, baina laguntzak zer? Gure kasuan, familia osoak lan egiten dugu tabernan, gure etxean sartzen diren soldatak tabernan lan eginda lortzen ditugu, eta gure egoera berean daude, beste familia asko eta asko”. Gaurko aldarri nagusia izan da, “irtenbideak behar” dituztela, “laguntzak orain behar” dituztela, “ez dakigulako hau zenbat luzatuko den, hilabeteak pasa daitezke, eta gu soldatarik gabe!”. Retak esandakoarekin bat datoz herritarrak eta manifestaziora batuta demostratu dute hori: “Emozio handia sentitzen dut oraintxe, ikusita herritarren erantzuna. Eskerrak ematea besterik ez zait gelditzen! Baina tristura ere badut barruan, sentimendu nahasketa handia dut!”.
Ostalarien deiari ere erantzun diote banaketa enpresa ugarik, haiei ere eragin dielako tabernen eta jatetxeen itxierak. Daniel Encabo Exclusivas Gorla enpresako arduraduna da, eta manifestazioan izan da: “Ea zerbait lortzen dugun, zeren gertatzen ari dena, denontzako da txarra, ostalaritza establezimenduen bueltan lan egiten dugun guztiei eragiten digu honek, eskutik goaz, horregatik nago gaur hemen, eta behar-beharrezkoa da guztiok batera bultz egitea”. Urretxu eta Zumarragako kaleak zeharkatu dituen manifestazioan egon da Iker Arbizu, Comercial Vinicola Arbizu enpresako arduraduna ere: “Kalte handia egiten ari zaigu ostalaritzaren itxiera, ostalaritza gelditzen bada, gu ere geldi gaudelako!”. Azken hilabeteetako fakturazioan nolako eragina izan duen galdetu eta honela erantzun du Arbizuk: “Oraintxe zero euro ari gara fakturatzen, hori esanda, guztia esanda dagoela uste dut”. Ordezkari politikoei eskatzen die, “kontutan har dezatela, momentu hauek oso zailak izaten ari direla, baina hau guztia pasatzen denean, ostalaritza indartsu bat eduki nahi genukeela, eta horretarako, momentu zail honi aurre egiteko beharrezko laguntzak ematea guztiz beharrezkoa dela, hemendik urte batera, honek izango dituen ondorioak ikusita, ez badute damutu nahi”.