Atzo egin zuten, Areizaga-Kalebarren plazan
Diaspora sahararrak deituta, eta EH Bildu eta Ezker Anitza-IUren babesarekin, Saharar herriaren aldeko elkarretaratzeak egin zituzten atzo Goierriko bi udalerritan: Urretxu-Zumarragan eta Beasainen.
Ostegunean, Marokoko armada Saharako lurralde askatuetara sartu zen, bertan kanpatuta saharar manifestari batzuk erreferenduma egiteko presioa sortzen ari zirelako. Hori horrela, 1991.an sinatutako su-etena hautsi da, gerra egoera ezarriz. Agiri horretan jasotzen denez, Marokoko armadak eta Saharako armadak euren posizioei eutsi behar diete. Dagoeneko hainbat base militar eta zaintza postu bonbardatu dituzte, hildakoak eraginez.
Sahara-Euskadi elkarteak azpimarratu du Marokok Mendebaldeko Sahararekin sinatutako akordioa urratu egin duela. Horrez gain, Espainiako Gobernuari eta Nazio Batuen Erakundean ordezkaritza duten herrialdeei eskatu die 1988ko bake itunean adostutako autodeterminazio erreferenduma gauzatzeko.