Aitziber Garmendia eta Jon Plazaolak 'Erlauntza' pelikula aurkeztuko dute larunbatean Zelai Arizti aretoan
Emanaldia 19:15ean izango da
Asteburu honetan Erlauntza pelikula emango dute Zelai Arizti aretoan. Larunbateko emanaldia (19:15) Aitziber Garmendia pelikulako protagonistak eta Jon Plazaola aktore urretxuarrak aurkeztuko dute. Garmendiak eta Plazaolak behin baino gehiagotan lan egin dute elkarrekin eta egun ETB1eko Barre librea saioa aurkezten dute.
Erlauntza pelikula Mireia Gabilondok zuzendu du eta izenburu bereko antzezlanean oinarritua dago. Aktoreak Aitziber Garmendia zaldibiarra, Sara Cozar ordiziarra, Naiara Arnedo, Itziar Atienza, Getari Etxegarai eta Leire Ruiz dira.
Txikitako lagun koadrila bat asteburu pasa joango da landetxe batera beraietako baten ezkon aurreko agurra ospatzera. Urteak ordea ez dira alferrik pasatzen eta elkarren arteko lotura estua sentitu arren, ezer ez da garai batean bezala. Asteburu eroa izan behar zena, are gehiago erotuko da: trapu zaharrak, esan gabeko gauzak, esandakoak, alkohola, droga eta erlauntz bat.