Emakumeen etxean, Urretxu, Legazpi eta Zumarragako azoketan banatuko dituzte eta Ezkioko udaletxean banatuko dituzte
Azaroaren 25ean emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna da eta Goierri garaiko Berdintasun arloak eta elkarteek hainbat ekitaldi antolatu dituzte egun horren inguruan. Gainera, banderola moreak banatzen ari da, doan, balkoietan jartzeko.
Ostegunean Urretxuko azokan eskuratu ahal izango dira, ostiralean Legazpikoan eta larunbatean Zumarragakoan. Emakumeen etxean eta Ezkioko udaletxean ere jaso ahal dira.
Nahi duenak bere leiho edo balkoiko argazkiak bidaltzeko aukera izango du eta irudi horiekin bideo bat egingo dute, sare sozialetan zabaltzeko. Argazkiak hilaren 30erako bidali behar dira, berdintasuna@uggasa.eus helbidera.
Ekitaldiei dagokienez, azaroaren 25ean, Legazpin elkarretaratzea egingo dute eta Urretxu eta Zumarragan manifestazioa. Legazpiko kontzentrazioa Euskal Herria plazan izango da, 18:30ean. Matraka talde feministak antolatu du. Urretxu eta Zumarragako manifestazioa, berriz, Areizaga-Kalebarren plazatik abiatuko da, 19:00etan. Manifestazioa Urola Garaiko Koordinadora Feministak deitu du.
Legazpin beste bi ekitaldi antolatu dituzte. Hilaren 27an, goizean zehar, Haztegi ikastolako ikasleek emakumeen aurkako indarkeriaren inguruan egindako lana erakutsiko dute Azoka gunean.
Egun berean, 19:00etan, Chhaupadi dokumentala emango dute Latxartegi aretoan. Emanaldi hau Matraka talde feministak eta Nepaldala elkarteak antolatu dute.
Dokumental honetako protagonistak emakume nepaldarrak dira. Bertako bizimodua hinduismoak eta patriarkatuak arautzen dute eta, besteak beste, emakumeak txabola batean bakartzen dituzte hilerokoa dutenean.