Urretxuko eta Zumarragako dendariek abenduaren 1a baino lehen eman behar dute izena, merkataritza bulego teknikoan. Erakusleihoak abenduaren 10erako prest egon behar dira
Urretxuko eta Zumarragako udalek Gabonetako erakusleiho lehiaketaren 15. edizioa antolatu dute. Merkatariek garai gogorrak bizi dituzte eta udal agintariek Gabonetako erosketak herrian egitea eskatu diete herritarrei.
Urte batzuetan ez zen erakusleiho lehiaketa antolatu eta 2016an berreskuratu egin zuten. Merkatariek aurten inoiz baino premiazkoagoa dela uste dute eta hala jakinarazi diete udalei.
Aurkezpen ekitaldia Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean egin da. Rosa Maizak, Zumarragako Ekonomiaren Garapena, Tokiko Garapena eta Berrikuntza zinegotziak, eta Jon Luqui Urretxuko alkateak parte hartu dute.
Maizak lehiaketa inoiz baino beharrezkoagoa dela aipatu du. «Merkatariak ahalegin handia egiten ari dira. Ziurgabetasuna nagusi den garai honetan, egunero beraien dendak irekitzen ari dira: irribarre onenarekin eta primerako zerbitzuarekin. Lehiaketa honekin herritarrak herrian erostearen garrantziaz jabetzea nahi dugu. Gure bi herriotako dendek kalean alaitzen dituzte eta paseatzera animatzen gaituzte. Merkatariek bizia ematen diete gure bi herriei».
Luquik ere urretxuarrak eta zumarragarrak erosketak herrian egitera animatu zituen. Horretaz gain, lehiaketaren oinarriak aurkezteaz arduratu zen.
Lehiaketa honetan Urretxuko eta Zumarragako establezimendu guztiek parte har dezakete. Merkataritza bulego teknikoan eman behar dute izena (Urretxuko Labeaga kaleko 56an), abenduaren 1a baino lehen.
Erakusleihoak abenduaren 10erako prest egon behar dira. Abenduaren 17a arte egon behar dira muntatuta. Gainera, 21:30ak arte argiztatuta egon behar dira, epaimahaiko kideek erakusleihoak gauez ikusteko aukera eduki dezaten.
Epaimahaiaren osaketa
Epaimahaia Gipuzkoako Merkataritza Federazioko zuzendariak, Goierri garaiko merkataritza teknikariak, Urretxuko Udaleko arkitektoak, Zumarragako Udaleko Sustapen Ekonomikoko teknikariak eta Argazkia elkarteko kide batek osatuko dute.
Erabakia hartzeko orduan, irudimena, originaltasuna, mezuaren eraginkortasuna, erakusleihoaren kalitate estetikoa eta Gabonekin duen lotura hartuko dituzte kontuan. Erakusleihoan dendako ohiko produktuak azaldu beharko dira.
Hiru sari emango dituzte eta aipamen berezia emateko aukera ere izango dute. Irabazleak 200 euroko erosketa bonua, diploma eta Bertatik Bertara produktuekin betetako saskia jasoko ditu. Bigarrenak 100 euroko bonua, diploma eta saskia jasoko ditu eta eta hirugarrenak diploma eta saskia. Aipamen bereziak badaude, diplomak emango dizkiete. Sari banaketa ekitaldia abenduaren 18an izango da: 13:30ean, Urretxuko udaletxean.
Iaz 26 establezimenduk hartu zuten parte. Horietatik 19k aurreko urtean ere parte hartu zuten. Hiruk lehenengoz eman zuten izena.
Aurreko urteetan erakusleiho ikastaroak antolatu dituzte. Aurten bizi dugun egoera dela eta, ez dute ikastarorik antolatu. Merkatariek aurreko urteetan ikasitakoa erakusteko aukera izango dute.