Aitor Biainek, Ane Legarretak, Arkaitz Mendozak eta Iñigo Zearsolok kontzertu bana zuzenduko dute eta ondoren bandako kideek lauetako bat hautatuko dute
Zumarragako musika bandak zuzendaria hautatzeko prozesua jarri du abian. Orain arte zuzendari izan den Luis Orduñak banda utzi du Gasteizkoa zuzentzeko eta musikariek casting moduko bat antolatu dute zuzendari berria hautatzeko. Orduña ere hala hautatu zuten. Jasotako curriculum guztien artean lau aukeratu dituzte eta lau hautatuek kontzertu bana zuzenduko dute. Ondoren, bandako musikariek bozketa egingo dute. Prozesua deialdi batekin hasi zuten. Banda zuzendarien webgune batek deialdiaren berri eman zuen eta 40 curriculum inguru jaso zituzten. Horietako batzuk Estatu espainiarraren mugetatik kanpo bizi diren zuzendarienak dira.
Aurkezpen bideoak
Banda amateurra da eta ezin ditu horrenbeste curriculum kudeatu. Hori dela eta, Euskal Herritik heldutakoak bakarrik aintzat hartzea erabaki zuten. 18 ziren eta 18 horiei aurkezpen bideo bana bidaltzeko eskatu zieten.
18 bideoak ikusi ondoren, lau hautatu zituzten: Aitor Biain oñatiarra, Ane Legarreta galdakoztarra, Arkaitz Mendoza donostiarra eta Iñigo Zearsolo elgoibartarra. Lauek zuzendaritza ikasketak egin dituzte eta hainbat banda zuzendu dituzte.
Bakoitzak kontzertu bat zuzenduko du eta ondoren bandako kideek zuzendari berria aukeratuko dute, bozketa bidez. Lehen kontzertua, Gabonetakoa, Biainek zuzenduko du. Emanaldi hau abenduaren 20an izango da. Mendozak otsailaren 21ekoa zuzenduko du, Zearsolok apirilaren 25ekoa eta Legarretak Zumarragako Santa Isabel jaietakoa. Azken emanaldi honek ez du datarik oraindik.
Entsegu eta emanaldi guztiak Beloki pilotalekuan izango dira, segurtasun distantzia mantendu ahal izateko.
Zumarragako banda zuzendu nahi duten lau musikariek curriculum bikainak dituzte, baina bandaren curriculuma ere ez txantxetan hartzekoa.
Musika talde hau 1860ko hamarkadan sortu zen, txaranga bezala. 1880ko uztailean banda izatera pasa zen, Zumarragako Udalaren babespean. Lehen zuzendaria Juan Leturia izan zen. Herritarrek harrera bikaina egin zioten, dantzaldiak egiten baitzituen.
Herritik kanpoko lehen emanaldia 1896an egin zuen. Bilboko lehiaketan sariak eman zizkioten eta horrek zumarragarrak asko poztu zituen. Izan ere, garai hartan Zumarragak 2.000 biztanle bakarrik zituen eta herriko bandak hiri handi batean sariak jasotzea gauza handia zen.
Gerra hasi zela eta, 1936an udalak banda desegin zuen. 1939an berreskuratu zuen. Ordutik, ehunka emanaldi egin ditu Zumarragan eta herritik kanpo. 2019an bandak 150. urteurrena ospatu zuen.