Donostiakoa igandean izango da, Eibarkoa asteazkenean eta Urretxukoa abenduaren 8an. Iparragirreren nortasuna, ibilbidea eta garaia azalduko dituzte, bere zazpi abesti ezagunen bitartez
Aurten Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurrena bete da. Urretxuko Udalak ekitaldi asko antolatu ditu mendeurrena ospatzeko eta gainontzeko erakundeek ere bat egin dute. Aldundiak hiru kontzertu antolatu ditu. Iparragirre foruei gehien abestu zien kantaria izanik, nola ez zuen ba ospakizunekin bat egingo Gipuzkoako Foru Aldundiak?
Iparraguirre 7 ikuskizuna sustatu eta hiru emanaldi antolatu ditu: Donostian, Eibarren eta Urretxun. Ikuskizunaren aurkezpena atzo egin zuten, Koldo Mitxelena kulturunean. Ekitaldian Mari Jose Telleria Kultura zuzendariak, Asun Lasarte Morgancrea ekoiztetxeko zuzendariak, Carlos Rodriguez Morgancrea-ko arduradunak eta Alberto Lizarralde musika zuzendariak parte hartu zuten.
Atzo aurkeztu zuten proposamen eszenikoak Iparragirreren nortasuna, ibilbidea eta garaia azalduko du bere zazpi abesti ezagunen bidez. Begirada poliedrikoa eskainiko du, ikuspegi desberdinetatik, bere unibertso pertsonalean oinarritutako mintzaira sentsorial eta poetikoarekin. Beti ere, glosa epikotik urrun. Iparragirreren giza erretratua egiteko bere inspirazio iturriak (lurra eta hizkuntza), bere karisma (bihotza), bere tresna (gitarra), bere lan eremua (plaza) eta bere obra ezagunena (zuhaitza) erabiliko dituzte.
Dantza ere bai
Iparraguirre 7 ikuskizunean zuzeneko musika, ikus-entzunezkoak, errezitaldiak eta dantza biltzen dira. Ikus-entzunezkoek testuinguruan jarriko dituzte Iparragirreren obrak, Iraia Okinaren ilustrazio bizidunen, Olatz Beobide aktorearen kontakizunen eta Amaia Elizaran dantza saioaren bitartez.
Musikari dagokionez, musikariek ikusleak Iparragirreren zazpi abestietara hurbilduko dituzte, errespetu osoz, baina aurreiritzi eta loturarik gabe, kolore musikal desberdinen bahetik pasatuz. Labur esanda, libre, Iparragirre bera bezala.
Horretarako, oso estilo ezberdinak lantzen dituzten musikariek parte hartu dute: musika tradizionala, rocka, jazza eta inprobisazioa, antzinako musika, gospela, musika garaikidea…
Hauek dira musikariak: Lide Hernando (ahotsa), Beñat Axiary (ahotsa), Sorkunde Idigoras (pianoa, zango-biola, loop-ak eta ahotsa), Josetxo Silguero (saxo sopranoa eta baritonoa), Xabi Zeberio (nyckelharp, loop-ak eta ahotsa) eta Arkaitz Miner (gitarra, mandolina, biolina, efektuak eta ahotsa). Musika zuzendari lanak Lizarraldek egingo ditu.
Emanaldiak 50 minutuko iraupena du. Lehen saioa igandean izango da, 19:00etan, Donostiako San Telmo museoan. Bigarrena, Eibarren, datorren asteazkenean. Azkena Urretxun izango da, abenduaren 8an.