Gaur, 20:00etan, balkoietan banderolak jarriko dituzte, txaloak joko dituzte eta mugikorrekin bi herriak argituko dituzte
Hasi da Euskaraldia. Urretxu eta Zumarragan ia 1.700 herritarrek eman dute izena eta 200 arigune egongo dira. Oraindik izena eman ez dutenek, hilaren 24a arte egin dezakete euskaraldia.eus-en. Ondoren, bi kultur etxeetako batera jo behar dute txapa hartzera.
Talde motorrak eta bi udalek hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Gaur (ostirala), balkoietan banderolak jarriko dira, txaloak joko dira eta telefono mugikorrekin bi herriak argituko dira. Hilaren 26an, 19:00etan, Nerea Arriola, Xabier Artieda eta Beatriz Egizabalek Txor-txor bakarrizketa egingo dute Labeaga aretoan. Abenduaren 3an, 19:00etan, Oihan Vegak Euskañolitis bakarrizketa egingo du Zelai Arizti aretoan. Abenduaren 4an, 20:00etan, herritarrek Euskal Herrian euskaraz kanta abestuko dute eta amaierako txalo jotzea egingo dute. Bukatzeko, abenduaren 12an, 19:30ean, Luzio Gabiriaren oroimenezko bertso saioa egingo dute.